Jabier Baraiazarra, Mendi Zinemaldien Nazioarteko Elkargoaren (IAMF-International Alliance for Mountain Film) Presidentea da 2018az geroztik. Elkargoaren garrantziari buruz, horren helburu, indar eta jarduerei buruz, eta mendiko zinemaren etorkizunari buruz ari da elkarrizketa honetan.
G: Zer da Mendi Zinemaldien Nazioarteko Elkargoa?
E: Erakunde horren helburua mendiko zinema sustatzea, gorestea eta babestea da. IAMF mendiko zinemaren sektorean lan egiten duten profesional eta erakundeentzat existitzen den erakunde aditu bakarra da; halaber, kideen, museoaren eta 27 mendi zinemaldien bitartez, nazioarte mailako sare bat eskaintzen die, 20 herrialde ezberdinetatik baitatoz eta ekitaldiak bost kontinentetan ospatzen baitituzte.
G: Elkargoa zinemaldien zirkuluan dagoen erakunde bakarra da eta, 20 urteko historia duenez, atzean ibilbide luzea dauka. Zerk eragin zuen Elkargoaren sorkuntza?
E: IAMF abian jarri zen bere kide sortzaileek zinemarekiko eta mendiko kulturarekiko sentitzen duten pasioak bultzatuta. Talde-lan espirituak inspiratuta, indarrak bateratzeko ikuspegia partekatu zuten ideiak, esperientziak eta etorkizuneko proiektuak trukatzeko; aldi berean, euren jaialdien eta Museoaren presentzia sendotzen dute eta sortzaileak, zuzendariak, ekoizleak eta mendizaletasunaren zein mendiko kulturaren komunitatea bultzatzen dute. Zilegi bekit Sandra Tafnerren “A History of Passion: 2000-2020” liburua aipatzea, IAMF zer den laburbiltzeko: “Elkargoa mugetatik harago begiratzeko eta aukera berriak onartzeko nahitik jaio zen”.
G: Zeintzuk dira Mendi Zinemaldien Nazioarteko Elkargoaren jarduera nagusiak?
E: Alde batetik, mendiko kulturaren inguruan dagoen komunitatearen loturak indartzen ditugu. Bestetik, kide guztien arteko elkarrizketa, ideien trukea eta lankidetza sustatzen ditugu, proiektuek eta jardueren ideiak partekatzeko. Zenbait ekimen bultzatzen ditugu IAMFen barne: IAMFeko Sari Nagusia, Mendiko Zinema egunak (zinema zuzendarientzat master class-a) eta zenbait libururen argitalpena; besteak beste, “Action Let's Climb! The history of mountaineering and climbing cinema” eta “A History of Passion: 2000-2020”. “Action Let’s Climb” CAI-ren (Club Alpino Italiano-ren) eta Turingo Museo Nazionalle della Montagna-ren bidez argitaratu zen. Halaber, “A History of Passion: 2000-2020” orain dela gutxi argitaratu da eta Elkargoaren 20 urteko historiari buruz hausnartzen du.
Lanari dagokionez, IAMFek harreman profesionalak eta sortzaileak sustatzen ditugu zinemagileen, atleten, mendiko komunitatearen eta kirol marken artean; hortaz, euren ideiak truka ditzaten eta mendiko zinemagintzaren komunitateari zein Elkargoaren kideei zerbitzu mesedegarriak eskaini diezaieten.
G: Mendiko zinemak ospea lortu du azken urteetan. Nola uste duzu aldatuko dela generoa hurrengo urteetan zehar?
E: Azken urteetako ikusle datuek mendiko zinemarekiko zaletasun handia erakusten dute. Generoa etengabe aldatzen eta hedatzen ari da eta, aldi berean, mendiko zinemarekiko interesak eta mendiko istorioekiko estimuak orain arteko maila altuan jarraitzen dute. Azken urteetako alderdirik adierazgarriena da sortzaile profesional askok euren istorioak mendian ardaztu dituztela; halaber, zinemagileek ozeanoak eta basamortuak erabili dituzte Shakespeareren komediak edo dramak antzezteko. Orain dela gutxi arte, mendiko zinemak lortutako balentriak baino ez zituen jasotzen; baina, gaur egun, ingurune honetan ere finkatu dira, mendiko komunitatetik etorri ez arren, euren istorioa suaren berotasunera hurbildu nahi dituztenak. Orobat euskarri horiek kontsumitzeko dugun era nola garatu den ikusteko aukera izan dugu: gailu berrien hedapena, munduko edozein txokotan eta eguneko edozein ordutan mendiko istorioekin gozatzeko eta, hala, publiko handiago eta heterogeneoagoa erakartzeko. Gainera, aurreko urteko pandemia garaian ikasitakoa kontuan hartuz, IAMFen uste dugu ikusleak pantaila handian abenturak ikusteko duen nahia eta pasioa asebetetzen jarraitzea funtsezkoa dela. Gure jaialdietako eta erakusketetako ikusleek eta gonbidatuek transmititzen dituzten berotasuna eta emozioak gure kemen, inspirazio eta motibazio iturriak dira, eta jaialdiak aurrez aurre ospatzeko ikuspegiarekin jarraitzera bultzatzen gaituzte, beharrezkoa denean ere online ospatuz.