Hautatu hizkuntza
RAMÓN OLASAGASTI, CÉSAR LLAGUNO, FELIPE H. NAVARRO Y PEDRO VILLAREJO
Larunbata abenduak 6 – 12:00 Euskalduna Bilbao
Zortzi mila metrotik gorako hamalau mendiak igo zituen munduko lehen emakumea izan zen. Izena eta izana, historiaren sokan betiko lotuta. Mendi handi haietan elur betierekoa harkaitzari itsasten zaion moduan. Izan zitekeen Irati, edo Amaia, baina Edurne da: elurra, euskaraz. Izena duenak izana du, dio esaerak, bai, baina komiki hau ez da mito bat sortzeko ahalegina. Edurne ez da mitoaroko izakia: 14 aldare gurtu haietara igotzeko gai dena izan liteke hauskorra ere, goi-mendiko malkarretan soilik hazten den elur lorea nola. Depresioaren hondorik sakonenetik ateratzeko, zortzimilakoa ez, bere bizitzako bederatzi milako zailena igo behar izan zuen Edurnek, eta bide horretan hainbat lagun izan zituen sokaren beste aldean, Asier Izagirre gaztetako sokakidea eta beste asko.
Aberatsa da elurraren inguruko hiztegia, eta izan liteke egokia Edurneren ibilbidea laburtzeko ere: pasio bat mamitzen hasten deneko elur lapatxa, hainbat zorigaitzen ondorioz jausitako elur malkoak, elur zuloan erori zenekoa, zoko ospel hartan bizitako sentimendu mingotsak lurmentzea... Edurnek bide bat urratu du, baina bere aurretik ere izan dira aztarna zabaldu dutenak: Pili Ganuza, Amaia Aranzabal, Miriam Garcia Pascual eta beste hainbat, eta haien ibilia ere jasotzen da orriotan, elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe.
Mendi Film & Sua Edizioak komiki bilduma:
• Everest: 1980ko Euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean (2018)
• Iñurrategi Anaiak: Mendiari bihotz emanak (2020)
• Andres Espinosa: bakarrik eta libre (2022)
• Edurne Pasaban (2025)
RAMÓN PORTILLA
Larunbata abenduak 6 – 16:00 Euskalduna Bilbao
Maitasuna, bizitza eta mendiekiko pasioa soka berean lotzen dituen istorio eder bat: Renatok, eskalatzaile bakarti, gogor eta eskalatzen ari zen arroka eta izotza bezain hotzak, molde guztiak hauts eta alpinismoa imajinatu ezineko mailetara eraman zuen. Etika, konpromisoa eta erresistentzia fisiko eta mentala ziren haren euskarriak, muga guztiak urratzeraino. Gorettak, istorio honen guztiaren kontalari nekaezinak, denbora gehiena kanpaleku nagusian ematen du, horma azpian zain dagoenaren itzalak agertuz: ziurgabetasuna eta beldurra, maiz beste aldea bezain gogorra. Banaezinak izaki, biek ondare bera partekatzen dute, eta lehen aldiz gaztelaniaz berreskuratu dugu.
OSCAR GOGORZA
Igandea abenduak 7 – 16:00 Euskalduna Bilbao
Zer lortu nahi du alpinistak? Montaña liburua denboran eginiko bidaia bat da, konkista anbizioen eta erronka itxura hartzen duten ametsen saski bat: Mont Blanc-eko aitzindarietatik Himalayako estilo alpetarraren abangoardiara; Saussure-ren jakin-min zientifikotik Steve House-ren perfekzio etiko eta estetikoaren bilaketara; Paul Preuss eta Alex Honnold "bakarlarien" ustezko "eromena", bien arteko mendeak urruntzen ez duena; "zortzimilakoak", lehen epika eta zailtasunaren sinonimo zirenak, turistentzako helmuga dira orain; eta Lynn Hill edo Wanda Rutkiewicz bezalako emakumeek berdintasunaren bide gorabeheratsuaren eredu izaten jarraitzen dute, kontraesanez eta iruzurrez betetako mundu bertikal batean. Belaunaldi bakoitzak aurrekoa hobetzen du, abiaduraren, entrenamenduaren eta tresna berrien bidez. Baina heriotza, eta hartatik ihesi ibiltzeko jolasa, dira oraindik hari nagusiak. Konkista-goseagatik muturreraino iristeko prest egote hori… Hutsala ote da?
SEB MONTAZ
Astelehena abenduak 8 de diciembre – 12:00 Euskalduna Bilbao
ANTOINE LE MÉNESTREL
Astelehena abeduak 8 – 19:00 Euskalduna Bilbao
80ko hamarkadan eskalada librea asmatu zuten aitzindarietako bat izan zen Antoine Le Ménestrel. Eskalada maila berrietara eraman zuen, erronkaren bilaketa eta sormena konbinatuz. Gaur egun, milioika gazteri eskalada praktikatzeko inspirazioa ematen dien mugimendu baten memoria bizia da. Folambule-n, zintzotasun hunkigarriz kontatzen du nola bere barne-oinazeek eraginda jo zuen labarretako mugimenduak esploratzera. Bere ibilbide bertikal eta paregabeak arte-sorkuntzara eraman zuen. Lézards Bleus konpainiako koreografo eta dantzaria da orain, eta dantza-eskalada ikuskizunak sortzen ditu.
JEAN-MICHEL JORDÁ
Osteguna abenduak 11 – 16:00 Euskalduna Bilbao
Jean-Michel Jordá alpinista eta zinegilea da. ‘Everest Green’ lanarekin Mendiko Film Onenaren Saria jaso zuen 2018an, Bilbon. 2023an, ‘Everest Invaders: asalto a la papelera más alta del Mundo’ estreinatu zuen. "Arlote bat izan nintekeen. Zinemak, edertasunak, arteak, mendiak, haizeak, itsasoak, hausnarketak, topaketa zoragarri batzuek, eta Phik, trobadore egin naute”.
JANIRE ETXABE, TOTI MARTÍNEZ DE LEZEA, ELI AZURMENDI, JUANTXO ZEBERIO
Ostirala abenduak 12 – 16:00 Euskalduna Bilbao
Geure(R)a dantza bertikala hitz, irudi eta soinu bihurtuten dauen liburua da. Harrobi Dantza Bertikalagaz eta Janire Etxaberen obra eszenikotik sortua, lanak sorgin ehizan erretako emakumeei omenaldia egiten deutse, eta oroimenean zein euskal kulturan sustraitua dago. Eli Azurmendiren ilustrazioakaz, Toti Martinez de Lezearen prosa poetikoagaz eta Juantxo Zeberioren musikeagaz, argitalpenak erresilientzia eta emakumeen botere eraldatzailea ospatuten dauen esperientzia artistiko dinamikoa, oroigarria, indartsua eta poetikoa eskaintzen dau.
CATHERINE DESTIVELLE
Ostirala abenduak 12 – 19:45 Euskalduna Bilbao
Larunbata abenduak 13 – 16:00 Euskalduna Bilbao
Laboratorio Donne lantalde independente eta irekia da, mendiko genero berdintasunaren inguruko gaiak ikertzen, eztabaidatzen eta zabaltzen diharduena. Riccarda de Eccher alpinista eta artistak eta Elena Goatelli ziegileak sortu zuten, Trentoko Unibertsitateko Genero Ikasketen Zentroaren laguntzarekin.
9B+/Femeninoa eta plurala
Eskalada da emakumeek eta gizonek emaitza berak lortu dituzten kirol bakarrenetako bat, ez bada bakarra. Ekitaldi honek ordezkatuta sentitzearen garrantzia nabarmendu nahi du, eta gizonek gizonentzat diseinatutako mundu batean mugitzearen erronkak eta arriskuak aztertuko dituzte bertaratzen direnen artean.
Parte-hartzaileak:
Riccarda de Eccher, alpinista eta artista
Elena Goatelli, zinema zuzendaria
Irati Zabala Mujika, eskalatzailea eta EMFko eskalada saileko zuzendaria
Lucia Guichot, alpinista
Nieves Gil, alpinista
Lara Izagirre, zinema ekoizle eta zuzendaria
Igandea abenduak 14 – 12:00 Euskalduna Bilbao
Lucía Guichot eta Nieves Gil, 2018an FEDMEren Espainiako Alpinismo Taldean sartu zirenetik sokakideak dira, eta alpinista gisa osatu duten ibilbidearen berri emango digute, eta, zehazkiago, Pakistango Karakorumeko Trangoko Dorreetan ‘Eternal Flame’ bidean egindako igoera. 2024ko abuztuan, 800m eta 7c+ A2 M6 mailako eskalada-bide hori igotzeko gai izan ziren, 1989an Kurt Albert, Wolfgang Güllich, Christof Stiegler eta Milan Sykora alemaniarrek ireki zuten bide mitikoa. Altueran egin litekeen munduko biderik ederren eta zailenetakoa da bere 6250 metrorekin, eta The Bangles taldearen abesti polit batek inspiratu zuen haren izena.
Nieves eta Lucía Aragoiko Pirinioetan bizi dira eta naturan lan egiten dute (basozaina eta mendiko gidaria). Urtean espedizio bat egiteko konpromisoari eutsiz, munduko mendikate ezberdinak ezagutu dituzte: Patagonia, Nepal, India, Pakistan edo Peru.
MIKEL ZABALZA
Igandea abenduak 14 – 12:00 Euskalduna Bilbao
Mikel Zabalzari beti gustatu izan zaio negua. Pirinioetan hasi zen eskaladan, Gavarnieko zirkuan, izotzezko bide etereoetan. Eskia egin du, Himalaiara joan da, eta bide berriak ireki ditu ohiko ibilbideetatik alden dutako harkaitz erraldoietan, eta Antartikako izotzetan barrena egin du aurrera, haizearen bultzadak la gunduta, lera bati tiraka. Kontakizunaren bidez, bere kordadaren parte izango gara, eta Alpeetara eta Patagoniara joango gara, munduko horma handietara, eta haien babesean egingo dugu lo, haizea eta elurra nagusi diren altitudeetan: Peuterey, Trango, Piergiorgio, Kanchenjunga, Dunagiri, Maud Erreginaren Lurraldea, Everest eta K2, Abruzzoen ezproia, Gasherbrum II eta IV, Broad Broad Peakeko hiru gailurren zeharkaldia, Nuptse, Paiju Peak Hegoaldeko Dorrea, Phurbi Chyachu... eta, beti-beti, Pirinioak.