WOP-The Walk On Project Fundazioak eta Mendi Film Festival elkarteak WOP Mendi Film 2023 saria Edurne Pasaban alpinista eta enpresari tolosarrari emango diotela iragarri dute, 14 zortzimilakoak, planetako mendirik garaienak, osatu dituen lehen emakumeari. Sari banaketa BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia-ren 16. Edizioko Hasiera Ekitaldian egingo da, 2023ko abenduaren 8an, Euskalduna Jauregian.
Sari honek alpinismoaren balioen defentsa eta dibulgazioa aitortzen ditu, eta 10. edizioa betetzen du. Edurne Pasabanek bat egingo du protagonista izan diren pertsona eta erakundeen zerrenda oparoarekin:
- Eduardo Martínez de Pisón (2022)
- Sebastián Álvaro (2021)
- Fundación Baltistán Fundazioa (2020)
- Nives Meroi e Romano Benet (2019)
- Juanjo San Sebastián (2018)
- Peter Habeler (2017)
- Sir Chris Bonington (2016)
- Josep Manuel Anglada(2015)
- Drawnfilm by Jeremy Collins (2014)
WOP-The Walk On Project Fundazioak, hainbat jardueraren bidez gaixotasun neurodegeneratiboen aurka borrokatzen duen enpresa sozialak, honela iruzkindu du izendapen berria:
“Ohore handia da guretzat WOP Mendi Film Sariarekin Edurne Pasaban Lizarribar ohoratzea. Sari honek pertsona lez, eta itsasargi eta eredu gisa dituen balioak aitortzen ditu, gizarte-inspirazio gisa balio baitute. Edurnek nazioarteko lehen mailako kirol-jarduera garatu du mendizaletasunaren munduan, eta emakumeek, gure gizarteko beste hainbat esparrutan bezala, gizonei eskatzen zaienetik haratago saiatu eta erakutsi behar izan dute.
Benetakotasunak, konpromisoak, tinkotasunak, ahaleginak, aurrez ezarritako mugak hausteak gidatu dituzte bere mendi-urratsak. Balio horiei gehitu behar zaie Himalaian garatu duen jarrera konprometitua.
Eta, azkenik, Edurne, bere irakaskuntza-jardueraren bidez, zoriontasuna bilatzeko borrokaren adibide bat da, geure hauskortasuna aintzatetsiz eta ikusaraziz.
Horregatik guztiagatik, hunkitu egiten gaitu eta harro egoteko modukoa da guretzat, Edurne Pasabani WOP Mendi Film saria ematea, alpinismoaren balio sozialak defendatu eta transmititu izanagatik”.
Edurne Pasaban Lizarribar
Edurne Pasaban Lizarribarrek (Tolosa, 1973), 14 zortzimilakoen zerrenda 2001 eta 2010 artean osatu zuen. Balentria hori lortu zuen lehen emakumea izan zen, historiarako arrastoa.
Garai hartan jaso zituen sari ofizial ugarien artean, Espainiako Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina, Reina Leticia kirolaren sari nazionala, Euskal Herritar Unibertsala saria eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria nabarmentzen dira.
Gaur egun, Edurnek kirol ibilbidea eta ibilbide profesionala uztartzen ditu hizlari eta coach gisa nazioko zein nazioarteko enpresetan. Neurrira diseinatutako hitzaldiak, prestakuntzak eta tailerrak antolatzen ditu, eta, horietan, taldeei eta pertsonei laguntzen die alpinista gisa izandako esperientzien bidez, beren enpresa-helburuak lortzera iritsi daitezen.
Edurnek ere badu alde solidarioa, urte hauetan Himalaian asko jaso du hangotarrengandik, eta beretik erantzuteko Mountaineers for Himalayas by Edurne Pasaban elkarteko patroia eta sortzailea da. Himalaiako haurren hezkuntzarekin lotutako proiektuak garatzeko lan egiten du bertan.
Mendi Film-eko edizio askotan parte hartu izan du, bai filmak aurkeztuz, hizlari gisa, edota, bere horretan, zinema eta mendiko kulturaren zale gisa.