“Hello, Bilbao-Bizkaia!” esanez aurkeztuko da Hego-Koreako Ulsan Ulju Mountain Film Festival jaialdian euskal mendi zinemagintzari zuzendutako atal berezia. 8 euskal pelikula programatuko dira bertan, irailaren 18tik 22ra. Atal berezi honen programazioa BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren eskutik osatu da. International Alliance for Mountain Film elkargoko kide dira Ulju eta Mendi Film, eta kidetza horretatik sortu da ekimen hau. 

Bederatzigarren euskal pelikula bat ere gehituko da Uljuko programazioan, sail ofizialean lehiatuz: SUSTRAIAK. RAÍCES PERDIDAS, Luis Arrietarena.

Hego Koreako nazioarteko mendi jaialdi nagusia da Ulsan Ulju Mountain Film Festival. Ulsan hiri metropolitarreko Ulju County eremuan egiten da. Nazioarteko mendi zinemaldi entzutetsuenei dedikatutako atala estreinatu zuten iaz “Hello, Trento!” izenburupean Italiako mendi zinemagintzara begira jarriz, eta aurten “Hello, Bilbao-Bizkaia!” da atal horren goiburua.

‘Hello, Bilbao Bizkaia!’ atalerako ondoko pelikulak hautatu dira UMFF jaialdian:

·         ABATA | Zuz: Aner Etxebarria | 2026

·         HARRI, ORRI, ARKATZ | Zuz: Jon Herranz | 2025

·         IZARREN ZAUNKA | Zuz: Nagore Eceiza | 2025

·         NATURA FUGIT | Zuz: Jesus Mari Lazkano | 2025

·         HAIZE LERROAK | Zuz: Janire Etxabe | 2024

·         PELIGRO. NO ASOMARSE | Zuz: Dani Cascales | 2024

·         UNA MIRADA ATRÁS. EL ARTE DE EQUIPAR | Zuz: Alfonso García | 2024

·         HIRE HIMALAYA | Zuz: Alberto Iñurrategi | 2003

 

Zuzendari hauetatik bostek parte hartuko dute jaialdian beren lanak bertatik bertara aurkeztuz: Aner Etxebarria, Jon Herranz, Jesus Mari Lazkano, Janire Etxabe eta Dani Cascales. Jabier Baraiazarra, Mendi Film-eko zuzendaria eta International Alliance for Mountain Film elkargoko presidentea, izango dute bidaide.

Euskal espedizioarekin bat eginez, SUSTRAIAK. RAÍCES PERDIDAS Luis Arrieta zuzendariak berak aurkeztuko du Hego-Korean. Bizkaiko Foru Aldundiak, Ternua markak eta Mendi Filmek sustatutako Mendi Film Bizkaia Ternua Bekak lagunduta egindako dokumentala da, eta Kultura eta Natura Film Onena saria irabazi zuen Mendi Filmen, iaz. Horrez gain, Trentoko jaialdi entzutetsuan CAI – Club Alpino Italiano-ko zinemategiak ematen duen Mario Bello saria jaso du aurten, Europako beste hainbat jaialditan ere hautatua izan da, eta Euskal Herrian nahiz harago, 30 emanalditik gora egin dituzte. 

Hego-Koreako Uljun proiektatuko diren euskal pelikuletatik sei, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker egindakoak dira: ‘Abata’, ‘Natura Fugit’, ‘Haize lerroak’, ‘Peligro. No asomarse’, ‘Sustraiak. Raíces perdidas’ eta ‘Una mirada atrás’. Zinema eta ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko politika aktiboa garatu du Aldundiak hainbat helbururekin: tokiko industria sendotu, nazioarteko ikusgarritasuna areagotu, kultura eta sormena sustatu, talentua garatu, eta enplegua eta jarduera ekonomikoak sortu. Hala, Mendi Film jaialdiari eta zinegileei babesa eskaintzen die, eta horren haritik, Hego-Koreako Uljun proiektatuko diren pelikuletan presentzia zuzena du. Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak agertu du ekimena.

Hego-Koreako espedizioa Etxepare Euskal Institutuak lagunduko du. Euskal kultura eta euskararentzat erakusleiho aparta izango da Ulsan-Ulju jaialdiko “Hello, Bilbao-Bizkaia!” atala. Mendiko Kulturak erro sakonak ditu Euskal Herrian, eta horren eredu da mendiko zinemagintza.  Euskal zinemagintzak orokorrean bizi duen loraldiarekin bat eginez, mendiko generoa ere sasoi bikainean dagoenaren erakusle izango da. Imanol Otaegi izan da gaurko agerraldian, Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria Etxepare Euskal Institutuan.

Haiekin batera parte hartu dute Rekalde Aretoko agerraldian ondoko zinegileek: Jon Herranz (Harri Orri Arkatz), Jesus Mari Lazkano (Natura Fugit), Janire Etxabe (Haize lerroak), Luis Arrieta (Sustraiak. Raíces perdidas), eta  Alfonso García (Una mirada atrás). Azken hau ez da Hego-Koreara joango data horietan Donostiako Zinemaldiko Lau Haizetara sailean parte hartuko duelako bere proiektu berriarekin: 'Hamaka - The Hammock'.

Jon Herranz, Luis Arrieta, Janire Etxabe, Imanol Otaegi (Etxepare Euskal Institutua), Begoña de Ibarra (BFA), Jabier Baraiazarra (Mendi Film), Alfonso García, Jesus Mari Lazkano eta Iñigo Iturrate (Euskalduna Bilbao)