SARRERAK

Bilbao Mendi Film Festivaleko filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourraren laugarren edizioa egingo da Hondarribian, Itsas Etxea auditorioan, apirilak 6 eta 7an, larunbata eta igandea. 

Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura gaien zinemagintzako nazioarteko film onenak eta berrienak aurkezten ditu Mendi Film Festivalak abenduro –aurten 12. edizioa beteko du abenduaren 6tik 15era- , eta han saritutako eta gehien nabarmendutako filmekin osatzen da Mendi Tourra, urte osora zabaltzen den zinema mostra ibiltaria. 2019an jada ia 6.600 ikuslerengana iritsi da, 18 hiri desberdinetan emanaldiak eskainita.

Hondarribiko Udalak, aurreko edizioetako arrakastaren ostean, berriro babestuko du Bilbao Mendi Film Festivalak antolatu eta Zineuskadik lagundutako ekitaldia.  Itsas Etxea auditorioan eskainiko dira saioak 20.00etatik aurrera, eta sarrerak 3 eurotan salgai daude Arma Plazan edota Kutxabank sarrera salmenta atarian. Saio egunetan leihatilan bertan salduko dira emanaldia hasi baino 2 ordu lehenagotik.

Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira filmak, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin lagunduta.