BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 17. edizioa abenduaren 6tik 15era egingo da aurten, 2024an, eta jada badaukagu hura iragarriko duen irudi nagusia: Fuego titulua duen argazkia da, Jean-Baptiste Liautard argazkilari frantziarrarena. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatzen duen CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan Mendi Film irudia izateko saria irabazi du, 700 euro jasotzeaz batera.
Guatemalako Volcán de Fuego sumendia da argazkiaren eszenatokia, handik gertu dagoen Acatenango menditik hartutako irudi indartsua da. Sumendiaren erupzio betean, laba jario bizian, mendiko txirrindulari bat, Kilian Born, ageri da aldapan behera, gauez, kopetako argiaz eta sumendiaren erupzio eta laba jarioaz gidatuz bere bidea. “Erupzioa bi kilometro urrunago gertatzen ari zen, laba airean 500 metrora jaurtiz. Unea harrapatzea oso zaila izan zen, ezin baikenituen leherketak aurreikusi”, kontatu du argazkiaz JB Liautardek.
CVCEPHOTO lehiaketa honetan hiru sari irabazi ditu argazkilari frantziarrak: Sari Nagusia The Dune argazkiarekin, eta Fuego argazkiarekin hirugarren saria, Mendi Film sariaz batera. 28 urte ditu eta Valencekoa da. Mendi bizikleta da haren argazkilaritza lanaren jo-puntu nagusia.