Sender Films ekoiztetxeko Peter Mortimer, Nick Rosen eta Josh Lowell-i 2016ko IAMF Sari Nagusia eman diete. Haien izenean Jack Tackle-ek IAMF-ko presidentearen eskutik jaso du saria Ljubljana-ko (Eslovenia) Mendi Zinema Jaialdiaren 10. edizioan.
Eskaladaren edertasuna, abentura izpiritua eta ezaugarri atletikoak publiko zabalari helarazi dizkiete Sender Films ekoiztetxeko Peter Mortimer, Nick Rosen eta Josh Lowell-ek. Munduko eskalatzaile onenetakoekin batu eta puntako eskalada saio asko eta asko grabatu dituzte. Istorioak kontatzerako garaian aldi oro bilaketa eta berrikuntza lanean aritzen da Sender Films, gaiak edonolakoak direla ere: alpinismo azkar eta arina, bakarkako eskalada, edota beste edozein motatako saioak. Ikuspegi zinematografikotik begiratuta Sender Films-en pelikula bat ikustea bete-beteko esperientzia da. Eskaladan aditua den publikoaren eta zine orokorreko publikoaren arteko zubi lana egiten dute beti. Eskalatzaileak diren heinetik istorioak barru-barruko ikuspegi batetatik kontatzeko gai dira, baina haien baliabiderik indartsuena pertsonaien enfokea izan ohi da. Eskalatzaileen barrenak, ametsak, beldurrak, pozak eta atsekabeak agertzen dituzte, eta osagarri horiekin lantzen dituzte hain pelikula onak. Egindako lan guztiak sinesgarritasun handia eman die eskalada munduan, eta hala iristen dira munduko eskalatzaile onenenganaino.
Mendiko zinema jaialdirik entzutetsuenetan hainbat eta hainbat sari irabazi izan dituzte, baina oraindaino egin duten pelikularik emankorrena Valley Uprising da, Yosemite bailarako eskalada historia kontatzen duen luzemetraia. Mundu osoko jaialdi askotan irabazi dituzte sari nagusiak lan horrekin.
Publiko modernoarentzat pelikula modernoak egiten dituen ekoiztetxe moderno bat da Sender Films. Kamerarik onenak erabiltzen dituzte, lanabes modernoenak, eta munduko edozein lekutara bidaiatzen dute beren pelikulak egiteko. Kalitate langa oso goian duten arren etenik gabeko garapenean jarraitzen dute, eguneratuta daude aldioro, beti euren lanean perfekzioa bilatu asmoz. Horregatik guztiagatik, IAMF Nazioarteko Mendi Zinemagintzako Aliantzaren 2016ko Sari Nagusia merezimendu osoz irabazi dute.
Informazio gehiago: www.mountainfilmalliance.org/iamf-grand-prix