'UNBRANDED' PELIKULAK IRABAZI DU BILBAO MENDI FILM FESTIVAL 2015-EKO URREZKO EGUZKILOREA 

Bederatzi eguneko hausnarketaren ondoren, epaimahaiak erabaki du ‘Unbranded’ dela Bilbao Mendi Film Festival-eko zortzigarren edizioaren irabazlea, bere filmaketa harrigarriagatik, aurreikusten ez den gidoiagatik eta bere zuzendaritza bikainagatik  

 

‘Urzulo’ izan da euskarazko pelikula onena, ‘High and mighty’ metraje laburreko filmik onena, ‘Sunakali’ kultura eta naturako pelikularik onena, ‘Jurek’ alpinismoko film onena, Eliza Kubarska zuzendari onena, ‘A line across the sky’ eskaladako pelikularik onena, ‘Reach your limits’ kirol eta abenturako lanik onena; ‘Snowman’ pelikulak gidoi onenaren saria jaso du, ‘Meru’ pelikulak argazkilaritzakoa eta ‘Suspentes et cordes de violon au Pakistan’-ek epaimahaiaren saria 


Bederatzi egunean, sail ofizialean, 43 pelikula proiektatu ondoren, Lara Izagirrek, Pablo Iraburuk, Adam Howard-ek, Michael Pause-k eta Wojciech Fusek-ek osatutako epaimahaiak Bilbao Mendi Film Festival-eko Urrezko Eguzkilorea ‘Unbranded’ pelikulari eman dio. Phillip Baribeuren lanak sari nagusiaren 6.000 euroak eraman ditu, bere argazkilaritza harrigarriagatik, aurreikusten ez den gidoiagatik eta bere zuzendaritza bikainagatik.

Zuzendari onenaren saria Eliza Kubarskak irabazi du, film ezberdina egin duelako. Erritmoa, istorioa kontatzeko modua, grabaketa eta zuzendaritza dotoreak eta adimendunak dira epaimahaikideen ustez. Normalean mendiko pelikulekin sentitzen ez diren emozioak sentiarazten die zuzendariak ikusleei. Epaimahaikideek baieztatu dute ikuspuntu ezberdin hori baloratu dutela. 

Espero zen bezala, Euskalduna Jauregiko hasiera-ekitaldian eta Golem-Alhondigako aretoetan sarrerak agortu zituen eta bere emanaldietan 740 ikusle izan dituen ‘Meru’ pelikula ez da sari barik geratu. Argazkilaritza onenaren saria eraman du.

‘Snowman’ek bereganatu du gidoi onenaren saria protagonistaren eta bere lagunaren haurtzaroko istorioa era objektiboan eta naturalean kontatzeagatik.

‘High and Mighty’k eraman du metraje laburreko film onenaren saria, zailtasuneko eskaladaren kultura era arriskutsu, azkar eta iraunkorrean erakusteagatik, erroka eszenatoki berritzaile batean.    

Xanti Ugartek lortu du euskarazko film onenaren saria ‘Urzulo’ bere lanagatik. Gidoiaren indarra, iluntasunean grabatzeak daukan zailtasuna eta Euskadiko leku ezezagunak azaleratzeko espiritua nabarmendu ditu epaimahaiak.  

Aurten epaimahaiaren saria ‘Suspentes et cordes de violon au Pakistan’ pelikulari eman zaio mendiko abenturaren arima ondo erakusten duelako eta bakarrik kamera batekin, bibolin batekin eta parapente batekin egindako bidaia zintzotasunez eta era dibertigarrian kontatzen duelako. 

‘Jurek’ filmak erdietsi du alpinismoko film onenaren saria, bidezko omenaldia egiten diolako alpinismo poloniarraren historiako mendizale garrantzitsu eta ezezagunari, Jurek Kukuzkari. 

Eskaladako pelikula oneraren saria ‘A line across the sky’ lanarentzat izan da, 17 minutuan hamarkadako ekintzarik garrantzitsuenetakoaren inguruan mintzatzen delako, momentuko bi eskalatzaile onenekin. 

‘Reach your limits’ek kirol eta abenturazko film onenaren garaikurra erdietsi du, hasieratik bukaerara emozioari eusten diolako eta kirol esparrua jorratzeaz gain, heroiaren irudian sakontzen duelako. Ikusleek Kiril Nikoloven min eta sufrimenduarekin bat egitea lortzen du pelikulak.

Azkenik, ‘Sunakali’ izan da kulturari eta naturari buruzko sariaren irabazlea. Testuinguru konplexuan futbolean jokatzen jarraitu nahi duten Nepalgo neskato batzuen istorioaren garrantzia azpimarratu dute epaimahaikideek. 

Pablo Iraburu eta Lara Izagirre euskal zinegileek, Wojciech Fusek ‘Gazeta Wyborcza’ egunkari poloniarraren editore buruak, Michael Pause kazetari, produktore eta idazleak eta Adam Howard ‘Alpinist’ eta ‘Backcountry’ argitalpenen zuzendari editorialak osatu dute epaimahaia. 

Igandean, abenduaren 20an, BBK Salan  (Gran Vía 19-21, Bilbao) non-stop saioak proiektatuko dira saritutako pelikulekin. 12:00etan ‘A line across the sky’ eta  ‘Jurek’ eskainiko dira; 15:00etan ‘Urzulo’ eta ‘K2 touching the sky’; 17:15etan ‘Unbranded’ eta 19:30etan ‘High and mighty ‘ eta ‘Meru’.