Dariusz Zaluski alpinista eta mendizale poloniarrak jasoko du Mendi Zinemaren Aldeko Nazioarteko Elkargoaren (International Alliance for Mountain Film) aurtengo Sari Nagusia. Trentoko mendi zinemaldiaren sari banaketa ekitaldian iragarri berri du IAMF Presidente lez Jabier Baraiazarrak: "Kurt Diemberger handiaren lezioa ongien barneratu duen zuzendaria eta alpinista da Zaluski, bera da zortzimiletako zuzendari berria".
Mendiko gaiak zineman isladatzen eginiko ibilbidea eta, mendiko zinemari bezala mendiko kulturari eginiko ekarpena, aitortzen ditu IAMF Sari Nagusiak. Dariusz Zaluski 20. saritua da, izendegi dirdiratsu bateko kide bihurtu da. Karakorumen ari da orain lanean film berri bati begira.
Haren filmagintzaren eredu da Ostatnia Gora (The Last Mountain) filma (Mendi Tour Online-an ikusgai), 2018an poloniarrek K2 neguan igotzeko egin zuten espedizioaren kontaketa dakarrena, ordura arte gutxitan bezala, Himalayako goi mailako espedizio baten bilakaera tapaki barik agertzen duena. 2019ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian Zuzendari Onenaren Saria eta Mendiko Film Onenaren Saria irabazi zituen Dariusz Zaluskik lan horrekin, eta nazioarteko beste hainbat zinemalditan ere sari ugari lortu ditu.
International Alliance For Mountain Film Grand Prize (2002-2021)
- 2021 DARIUSZ ZALUSKI
- 2020 WERNER HERZOG
- 2019 KEITH PARTRIDGE
- 2018 KURT DIEMBERGER *ikusi MendiTV
- 2017 GILLEZ CHAPPAZ
- 2016 SENDER FILMS
- 2015 ANNE, ERIK and VÉRONIQUE LAPIED
- 2014 ERIC CROSLAND and DAVE MOSSOP, SHERPAS CINEMA
- 2013 ALASTAIR LEE
- 2012 ERMANNO OLMI
- 2011 PAVOL BARABÁS
- 2010 HANS-JÜRGEN PANITZ
- 2009 LOTHAR BRANDLER
- 2008 SEBASTIÁN ÁLVARO
- 2007 MICHAEL BROWN
- 2006 DIRECTORATE GENERAL FOR TELEVISION SWITZERLAND
- 2005 JEAN-PIERRE BAILLY
- 2004 FULVIO MARIANI
- 2003 LEO DICKINSON
- 2002 GERHARD BAUR
Mundu osoko 27 zinemaldik eta Torinoko Museo Nazionale della Montagna-k osatzen dute Mendi Zinemaren Aldeko Nazioarteko Elkargoa. 5 Kontinentetako 20 herrialde daude bertan ordezkatuta. Mendi zinemagintzaren industrian ardatz nagusia da, eta berau sustatu, hobetu eta kontserbatzea du xede.