Alberto Iñurrategi Alpinista eta Ternua enbaxadorea, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatua, Jabier Baraiazarra Mendi Film Elkarteko Zuzendaria eta Tamara Lucarini 2021eko Beka irabazlea “Txango” proiektuarekin
Mendi Filmek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, eta Ternuak, Mendiko Kulturaren inguruko zinemagintza sustatzeko xedez iaz sortutako bideari segida eman eta bigarrenez aurkezten dute:
MENDI FILM BIZKAIA-TERNUA BEKA
MENDI FILM BIZKAIA-TERNUA BEKA
- 18 eta 35 urte bitarteko egile berriei zuzendutako beka da, Espainian bizi eta zinemagintza edo ikus-entzunezko ikasketak burutzen ari direnengana zuzendua.
- 10.000 euroko balioa du bekak, eta aholkularitza programa bat eskura izango du berau jasotzen duenak, lau alorretan indar eginez: gidoia/zuzendaritza, ekoizpena, muntaia eta banaketa/hedapena.
- BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren 15. edizioan plazaratuko da sortzen den filma, 2022ko abenduan.
- Deialdia 2021eko ekainaren 7an zabaldu eta 2021eko irailaren 13an itxiko da.
- Sortze prozesuan, edo hastapenean dauden proiektuak onartuko dira, ez amaituta daudenak.
- Gaia: Mendiko Kulturaren altzoan, mendian egin edo garatu daitezkeen hainbat jarduera bil daitezke, hala nola, kirola, kultura, hizkuntzak, artea, ekonomia… Horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak:
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol sailak lurraldearen izana eta izaera hartzen ditu bere gerizpean, haien zaintza eta ezagutza sustatuz.
Ternua Group outdoor arropa enpresa erreferentea da, ingurumenarekiko duen konpromisoagatik nazioartean saritua, eta konpromiso horretatik abiatuta ikerketa eta garapena lantzen ditu.
Mendi Film Elkarteak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturaren inguruko mezuak, eta zinema genero horren industriaren zaintzan diharduen International Alliance for Mountain Film elkarteko kide da.
Oinarrietan ezarri diren baldintzak betetzen dituzten proiektuak aztertzeko, bost laguneko lan taldea bildu da:
Lara Izagirre, zinegilea
Alberto Iñurrategi, mendizalea
Itziar Garcia Zubiri, zine ekoizlea
Aitor Gisasola, zinegilea eta ikusentzunezko irakaslea
Jabier Baraiazarra, Mendi Film Elkarteko zuzendaria
Bekaren lehen edizioan saritua izan zen Tamara Lucarini “Txango” film proiektuan lanean ari da jada. Bilboko mendi tradizionala den Pagasarri inguruan, lau emakume gazteren istorioa kontatzea du helburu: Maria, Paula, Bruna eta Silvia. Bruna brasildarra da eta Silvia madrildarra, lehen aldiz igoko dira Pagasarrira. Maria eta Paula ahizpak bilbotarrak dira, eta haiek izango dira bide erakusle. Maria, Paula eta Bruna pisukideak dira, eta Paula eta Bruna bikotelagunak dira.
Grabaketa, edizio eta postprodukzio tartean dago orain proiektua, 15 minutu inguruko film laburra izan nahi duena. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren aurtengo edizioan -abenduaren 3tik 12ra-, aurkeztuko da jendaurrean.