BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko mendi zinema jaialdiaren MENDI TOUR zirkuituak hasiera ikusgarria izan du, lehen hiru hitzorduetan, Iruñean, Donostain eta Zangozan, 3.000 ikusletik gora erakarriz.

Iruñeako Golem Baiona zinemetan marka berria jarri da, 4 egunez eskaini diren 8 saioetan 1.750 ikusle bildu dira. Donostiako Antzoki Zaharrean ere giro bikaina bizitu zen, hiru egun eta beste horrenbeste saiotan 1123 ikusle bilduz. Eta Zangozako Karmengo Entzutegian, 200 lagunetik gora izan ziren aretoa bete zutenak mendi asteko bi ostiral jarraian hartuta.

Bultzada ikusgarria izan da Mendi Tour 2023-ren hurrengo hitzorduei begira:

 

ZUMAIA – Aita Mari Antzokia | Otsailak 14-16

LEIOA – Kultur Leioa | Otsailak 15-16

ESKORIATZA – Zaldibar Antzokia | Otsailak 24-26

VIGO – Auditorio Municipal | Otsailak 28 eta martxoak 1-2

CANET D’EN BERENGUER - Auditori Municipal | Martxoak 4

TOLOSA – Leidor | Martxoak 6-7-8

BIDAIARIEN TXOKOA-BILBAO – Begoñako Udaltegian martxoak 13-15 eta Santutxuko Udaltegian martxoak 16

EIBAR – Coliseum Antzokia | Martxoak 14-15

ATAUN – Herri Antzokia | Martxoak 17

VIELHA E MIJARAN – Cinema de Vielha | Martxoak 17-18

VITORIA-GASTEIZ – Vital Fundazioa Kulturunea | Martxoak 20-22-23-24

IGORRE – Lasarte Aretoa | Martxoak 23-24

MENDI FILMEKO ONENA

Iazko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiko film onenek osatuko dituzte karteldegiak, eta, beraz, ikusgarritasuna eta kalitate goreneko zinema ziurtatuta daude, baita MENDI TOUReko ohiko ikusleen artean sortzen den giro ona ere.

MENDI TOUR 2023 katalogoak Mendi Film 2022 palmaresaren titulu asko ditu bere baitan, aktibitate nagusiak askotarikoak dira (alpinismoa, eskalada, eskia, kayak, nabigazioa, surfa, esplorazioa, dantza bertikala,…), protagonista ezagunak ere hainbat dira, eta berdin plazaratzen diren gaiak ere.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, “An Accidental Life” (2022ko Mendi Film Sari Nagusia), “Ephemeral” eta “Egoland” (2022ko saridunak eta Mendi Film Hasiera Ekitaldian proiektatuak), “From shade to light” eta “Agur Artzai” (bina sari 2022ko Mendi Filmen) edota “Everest Sea to Summit” harribitxia, mendiko zinemaren historiako filmik sarituenetako bat. 

2022an, MENDI TOURRAK mendiko, abenturako, muturreko kiroletako eta naturako zinemarik onena eraman zuen Espainia osoko 50 pantaila handitara. Euskal Herritik abiatuta, Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Galizia, Kanaria Handia, Madril eta Valentziako zinema, antzoki eta aretoetan aurkeztu zen. 10.000 ikusle baino gehiagok gozatu zuten.

MENDI TOURRAREN 13. denboraldia da aurtengoa. Abenduko jaialdi nagusiaren altzoan, 2011n hasi zen eskaintzen Tolosan, mendizaletasuna era berezian arnasten deneko herria. Zirkuitua azarora arte luzatuko da aurten ere, eta arrastoa zabalduko du BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 16. edizioak bide gozoa izan dezan 2023ko abenduaren 8tik 17ra bitartean ospatzeko.