Bilbo, 2023ko abenduak 8. Edurne Pasaban Lizarribarrek jaso du 2023ko WOP Mendi Film Saria, 14 zortzimilakoak osatu zituen lehen emakumea. "Espedizio haiek adina beteko nauen zerbait aurkitzea ez da batere erraza. Bide honetan, nire buruari mila aldiz galdetu diot ongi ari ote naizen, edo nire bizitzan egiten dudan honek zentzurik baduen. Gaur jakin dut erantzuna, eta erantzuna BAI da. Badu zentzua", esan du bere hitzaldi sarreran.
"Superazioa, esfortzua, talde lana eta leialtasuna" bezalako baloreak aldarrikatu ditu, "benetako mendizaleak" bereizten dituen balore sorta bezala, "mendi gailurretatik balore horiek defenda ditzagun". Txaloka erantzun dion publikoari begira, hala gaineratu du: "gaur nire motxila erantzunkizunez beteta dago, aurrera begira erronkak eta ametsak dituzten hainbat eta hainbat emakume eta neskatorentzat erreferentzia bat izatearen erantzunkizuna. Denei gauza berbera esango nieke, sinestu zuengan, ez mugatu zuen buruak, bizitzak jarriko dizkigu-ta bestela ere nahikoa oztopo".
Barrura begirako gogoeta intimoagorik ez du saihestu: "Gizarteak amatasuna, familia, bestelako erronkak jartzen zizkidan aurrean. Ikusten nuen nire lagunek bide hori hartu zutela, baina nik ez nuen une hartan nire burua horretarako gai ikusten. Jakina da gaizki pasa nuela horregatik, eta dena uzteko zorian egon nintzela. Ez zen erraza izan jabetzea bizitzan hainbat etapa daudela. Gaur egun, Max semea da nire zortzimilako handiena, altuena. Eta betirako da, gainera".
Mikel Renteria The Walk On Project Fundazioko zuzendariak, eta Jabi Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendariak, eman diote garaikurra, Mendi Zalez, publikoz, bete den Euskalduna Jauregiko auditorio nagusian. Ekitaldiaren ostean, Sail Ofizialeko lehen bi pelikulak proiektatu dira, "Body of a line" Henna Taylor zuzendariarena, eta "Velky Canyon-Gran Canyon" Pavol Barabasena.
Hasiera Ekitaldian egongo dira aurtengo protagonista nagusietako zenbait, tartean Kazuya Hiraide alpinista japoniarra, Jean-Michel Jorda zuzendari frantziarra, Isabel Díaz Novo ekoizle espainiarra, edota Mikel Sarasola kayaker eta zinegile donostiarra.
Ondoko agintariak bildu dira ekitaldira: Juan Mari Aburto (Bilboko Alkatea), Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua), Leixuri Arrizabalaga (Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua), Gonzalo Olabarria (Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia), Begoña de Ibarra (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Carlos Sergio Atxotegi (Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria), Nora Sarasola (BBK Fundazioko Gizartekintza zuzendaria) eta Nerea Lupardo (Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusia).
Epaimahaiko kideak ere Hasiera Ekitaldian egon dira: Eliza Kubarska, Michael Pause, Patricia Ayala, Juantxo Zeberio Etxetxipia eta Nerea Alberdi. Dagoeneko pelikulak ikuskatzeko lanean hasita daude. Aurten, Sail Ofizialean 51 pelikulek parte hartuko dute, sarien hautagaitzan.