Mendi Film jaialdiak, Ternuak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren 7. edizioa iragarri dute. Mendiko Kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago. 

Mendiko kultura, ikuspegi askotatik ulertuta: kirola, kultura, gizartea edo jasangarritasunarekin, ekologiarekin eta klima-aldaketarekin lotutako proiektuak. Errealizadoreen gaztetasuna, erabat edo tarte batean Bizkaian filmatutako proiektuak, eta horien izaera lokal-globala, baloratuko dira. Hala ere, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortzeko garaian.

18 urtetik gorako edonork jaso dezake beka, naziotasun edo bizilekuaren mugarik gabe. Nazioarteko bidea zabaldu den lehen aldia da, izan ere, orain arte Espainiako egoiliarrei zuzenduta egon da.

Bekak, hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza eta Itziar García Zubiri ekoizle sortzaileak gidatutako aholkularitza programa eskainiko ditu.

Hautaketa-prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren lau proiektu finalistak hautatuko dira. Bigarren eta azken fasea BBK Mendi Film Bilbao- Bizkaia jaialdiaren 19. edizioan (abenduaren 4tik 13ra) burutuko da aurrez-aurre eta/edo online, eta ikus-entzunezkoen komunitateko nahiz mendi munduko kideez osatutako epaimahai batek erabakiko du Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren 7. saria jasoko duen proiektua zein den.

Urtebeteko lanketa tartearen ostean, 2027ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da proiektua.

Proiektuak inskribatzeko deialdia 2026ko apirilaren 21etik irailaren 30era arte egongo da zabalik. Oinarriak eta izen-emateko formularioa www.mendifilmfestival.com-en daude.

Gaitegiak: mendiko kirolak (alpinismoa, eskalada, xenda-zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail-runninga, kayak, espeleologia, slack-line, parapentea, eta beste batzuk), abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna eta/edo klima-aldaketa. Guztiak mendiaren eremuan garatuak.

Jarduera horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak: 

Bizkaiko Foru Aldundia

Lurraldearen izana eta izaera hartzen ditu bere gerizpean, haien zaintza eta ezagutza sustatuz.

Ternua

Naturarekin konektatu nahi duten abenturazale eta outdoor jardueren zaleak janzten dituen marka. Aire zabalean energia kargatzen duten pertsonak, jantzi teknikoak erabiliz: errendimendu handia, moldakorrak eta diseinu berezia duten jantziak.

Mendi Film Elkartea

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturaren inguruko mezuak, eta zinema genero horren industriaren zaintzan diharduen International Alliance for Mountain Film elkarteko kide da.

 

Beka jasotako pelikulak

 Beka jasotako bost pelikula estreinatu dira Mendi Filmen, eta seigarrena lanketan da.

  

2026: LOS ÚLTIMOS GUARDIANES DE SHANGRI-LA

Proiektua martxan, Marina García Andreu zinemagile katalanak aurkeztua, lehenago ere beka jaso zuena, “Lobos” (2022) proiektuarekin.

 Marina García Andreu

2025: SUSTRAIAK. RAÍCES PERDIDAS.

Hiba, Bachir eta Mananen istorioa da. Gazte hauek beren herrialdeetatik migratu zuten, nerabeak zirela, eta heldu baten laguntzarik gabe iritsi ziren Nafarroara. Eskalada eta mendia aurkitu dituzte bertan, euren arazoez ahaztu eta aske sentitzeko eremuak. Luis Arrieta zuzendariaren lana da. 2025eko Mendi Filmen saria irabaziz estreinatu zen: Kultura eta Natura Film Onena saria irabazi zuen. Nazioarteko hainbat jaialditan hautatu dute.

 Nazioarteko estreinaldian Luis Arrieta, Hiba, Abde eta Bachir, eta Aitor Elduaien aurkezlea

2024: PELIGRO. NO ASOMARSE.

“Highline Nervión” izenburuarekin aurkeztu zuten bere proiektua Dani Cascales zuzendariak eta Oreka Tolosa orekalari taldekoek. Highline lerro bat, 900 metro luze, Nerbioiko urjauzi gainean, ordura arte Euskal Herrian burututako luzeena. 2025eko Mendi Filmen estreinatu zen pelikula “Peligro. No Asomarse” tituluarekin.

 Nazioarteko estreinaldian, taldekideak

2023: OINEZ

Leire Egaña zuzendari euskaldunak hartu zuen lekukoa Bekaren hirugarren deialdian “Oinez” lanarekin. Xendazaletasuna, eta bereziki, mendizaletasuna erritmo sosegatuan ulertzeko era baten aldarria da “Oinez”, 2023an estreinatu zen, eta Mendi Tour zirkuituan ikus liteke aurten. Urtarriletik azarora, Espainia osoko 50 bat herri edo hiritara iristen da Mendi Tourra.

Nazioarteko estreinaldian, taldekideen photocalla, Jabier Baraiazarra jaialdiko zuzendariarekin

2022: LOBOS

Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarrak jaso zuen laguntza Bekaren bigarren deialdian “Lobos” proiektuarekin. Pelikula 2022ko Mendi Filmen estreinatu zen. Asturiasen, landa giroko herrixketan otsoaren presentziak sortzen duen egonezina eta sineskeriak ditu ardatz.

 Pelikulako lan-taldearen photocalla

2021: TXANGO

Tamara Lucarini zuzendari euskaldunaren “Txango” pelikula izan zen lehen fruitua, 2021eko Mendi Filmen estreinatu zena. Lau lagunen arteko kedada bat Bilbotik Pagasarrira txangoa osatzeko. Lau neska, hainbat jatorritakoak, mendirako ohiturarik izan gabe mendiaren aitzakian biltzen direnak.

Tamara Lucarini (erdian kutxari eutsiz) eta pelikulako protagonistak