Atzo, osteguna, amaitu zen Iruñeako MENDI TOURRA, txalo sorta bero batekin amaitu ere, eskainitako azken filmak, Freedom Underload eslovakiarrak, aretoan bildutako ikusleen aitortza jaso zuenean. Astelehenean hasita, lau egunez, BILBAO MENDI FILM FESTIVALeko filmarik onenetakoak ikusi ahal izan dituzte Golem Baionara bertaratu direnek.

 

Guztira 9 filma izan dira, egun bakoitzean bitan eskainita, eta 1.000 ikusletik gora bildu dira haietaz gozatzera. Aipatu bezala, asko gustatu da Freedom Underload, eslovakiako Tatras mendietako aterpetxeentzat lan egiten duten zamaketarien istorioak kontatzen dituen filma, iaz Bilbao Mendi Film Festivaleko Sari Nagusia irabazi zuena. Mushinga ardatz duen The Great Alone ere ikusleak gehien hunkitu dituen filmetako bat izan da; luxuzko aurkezpena izan zuen gainera asteazkenean, aurten Distantzia Luzeko munduko mushing txapelketa irabazi duen Baltasar Gallardo barañaindarra eta Itoitz Armendariz eta Eneko Agirre gipuzkoarrak, Distantzia Ertainean 2015eko munduko txapelduna lehena, eta Lekkarod 2017an laugarren sailkatua bigarrena, filma ikusteaz batera jendaurrean hizketan aritu baitziren. Eta Gipuzkoako Goierritik Bizkaiko Uribe kostalderako bidea berregiten duen Akabuko Martxea lan euskaldunak ere oso harrera polita izan zuen, areago Aitor Gisasola zuzendariak hari buruzko argibideak eman zituenean.

 

Ikusleen erantzun bikainak bultzatuta, Golem zinemek eta Bilbao Mendi Film Festivalak osatzen duten sokadak tinko jarraitzen du bidean. Hala ospatu genuen, gainera, astelehenean, Golem zinemen 35. urteurrenaren harira.