2017ko maiatzak 17. Bilbao Mendi Film Festivaleko filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourra Zarautzen eta Bergaran eskainiko da ostegunean eta ostiralean ondoz ondo. Lehendabiziko edizioa da bai batean eta bai bestean ere.
Mendia, abentura eta natura uztartzen dituen filmagintza du ardatz BMFF-ak, eta hiriz hiri eta herriz herri aurkezten da Mendi Tourraren bidez. 2017a urte berezia da gainera, hamargarren edizioa beteko baitu Mendi Film Festivalak, abenduaren 8tik 17ra, Bilbon.
Zarauzkoa bi eguneko Mendi Tourra da. Lehen saioa bihar, hilak 18 ostegunez eskainiko da, eta bigarrena datorren astean, hilak 24 asteazkenez. Modelo Zineman guztira 7 filma eskainiko dira bi egun horietan, iazko Mendi Film Festivalean saritutako hiru, eta txalotuenetakoak izan ziren beste lau, tartean bi lan euskaldun:
- Akabuko Martxea, Eli Arrillaga zarauztarra da protagonistetako bat. Artzantza eta trashumantzia jorratzen dituen filma da, Gipuzkoako Goierritik Bizkaiko Uribe kostaldera mendiz eginiko artzai bidea, historia berregiteko saio hunkigarri eta aldi berean hezigarri bat. Aitor Gisasola zuzendariak aurkeztuko du Modelon.
- Incognita Patagonia. Izen bereko espedizioa Patagoniako izotz eremu ezezagun bat esploratzeko asmoz. Eñaut Izagirre da lanaren zuzendaria eta protagonistetako bat, eta berak aurkeztuko du filma Zarautzen.
20.00etan hasiko dira saioak, eta sarrerak 3€ balio du saioko. Pagoeta Mendizale Elkarteak Pagoeta Egunaren (ekainak 4) bueltan babestu du Mendi Tourra Zarauzko Udalarekin batera, eta Zineuskadiren laguntzarekin.
Bergarako Mendi Tourra ostiralean egingo da, hilak 19. Zabalotegi Aretoan izango da, 19.00etan hasita, eta lau filma eskainiko dira bertan, iazko Mendi Film Festivalean saritutako bi eta txalotuenetako beste bi. Sarrera libre izango da, aforoa bete arte (120 eserleku). Bergarako Udala eta Debagoieneko Mankomunitatea dira ekitaldiaren babesleak, eta Zineuskadiren laguntza ere badu.
Filmeen SINOPSIAK HEMEN
ZARAUTZ
Maiatzak 18 osteguna
20.00, Modelo Zinema
- ANNAPURNA III - UNCLIMBED (Alpinismoa)
- BOYS IN THE BUGS (BMFF 2016 Eskaladako Film Onena)
- CROSSING HOME: A SKIER'S JOURNEY (Eskia eta Abentura)
- AKABUKO MARTXEA (Natura eta Kultura / Aitor Gisasola zuzendariak aurkeztuta / Eli Arrillaga zarauztarra da protagonistetako bat)
Maiatzak 24 asteazkena
20.00, Modelo Zinema
- E.B.C. 5300m (Alpinismoa / Film Labur Onena BMFF 2016)
- INCOGNITA PATAGONIA (Esplorazioa eta Alpinismoa / Eñaut Izagirre zuzendari eta protagonistak aurkeztuta)
- FREEDOM UNDERLOAD (Mendiko Kultura / Sari Nagusia BMFF 2016)
BERGARA
Maiatzak 19 ostirala
19.00, Zabalotegi aretoa
- ANNAPURNA III - UNCLIMBED (alpinismoa)
- BOYS IN THE BUGS (Eskaladako Film Onena BMFF 2016)
- CROSSING HOME: A SKIER'S JOURNEY (eskia eta abentura)
- FREEDOM UNDERLOAD (Mendiko Kultura / Sari Nagusia BMFF 2016)