Mikel Urdangarin gaur egungo euskal musikaren erreferente nagusietako bat da. Kantari eta konpositore gisa, 30 urteko ibilbidea, 20 disko eta ehunka kontzertu ditu bizkarrean, eta euskaraz sortutako bere lana Euskal Herriko zein nazioarteko agertokietara eraman du. Azken urteotan, bere sormen-unibertsoa ikus-entzunezkoetara ere zabaldu du Amura Produkzioak ekoiztetxearen bidez. Haren lehen proiektua, ‘Itsasora’ dokumentala, Urdangarinen lehen lana izan da gidoilari eta zuzendari gisa. Halaber, Koldo Uriarterekin batera filmaren jatorrizko soinu-bandaren egileetako bat da; lan horrek Soinu Banda Onenaren Saria jaso zuen 2025eko Mendi Film jaialdian.