Hautatu hizkuntza
Azken 10 urteotan emakumeek leku nabarmenagoa hartu dute mendian, bai ingurune naturalean bertan bai mendiko jarduera eta bizipen horien berri emateko erabiltzen diren komunikazio-kanaletan. Bernadette McDonald, Catherine Destivelle, Katie Ives, Luisa Alonso-Cires eta Lara Izagirre luze-zabal arituko zaizkigu mendiko zinema, literatura eta kazetaritzaren nondik norakoei buruz. Eskarmentu eta ezaguera handiko emakumeak dira guztiak eremu horietan, partekatzeko bizipen asko eta handiekin.
Catherine Destivelleri ez zitzaion burutik pasa ere egingo noraino iritsiko zen, haurra zela, gurasoek Fontainebleaura jolasera eramaten zutenean eta hango blokeetan lehen eskalada urratsak ematen hasi zenean. 16 urterako Verdonen zebilen eskalatzen. 1985ean Bardonechiako lehen eskalada txapelketan lortutako garaipenak profesional mundurako ateak zabaldu zizkion. Zailtasun maila gorenak jo ondoren, alpinismora egin zuen jauzi. Trangoko Dorrea, Alpeetako ipar horma mitikoetan bakarka eta neguan eginiko eskaladak, Shisha Pangmako igoera... horiek izan ziren mugarrietako batzuk bere ibilbidean, eta Himalaiako horma handienetan ahalegin ausartak etorri ziren gero.
Lynn Hill harkaitzeko eskalatzaile arrakastatsuenetakoa da munduan. 1975ean hasi zen eskalatzen, eta “Harkaitzeko maisuak” ezizenez ezagunak egin ziren eskalatzaile aitzindarien belaunaldiko kide izan zen. Climbing Free Lynn-en ibilbidearen lekukotza da. Pertsona gisa eta emakume gisa zer bilakaera izan duen azaltzen da, normalean gizonezkoak nagusi izan diren mundu batean, eta bere esperientziak eta igoerak jasotzen dira, horietako batzuk munduko eskalatzaile handienekin. Mundu zabaleko horma eta harkaitz askotara bidaiatu ondoren, Lynnek ikuspegi paregabea du eskaladak mundu osoan izan duen bilakaerari buruz.
Mendi, bidaia eta kartografian espezializatutako SUA argitaletxeak 30 urte bete ditu, eta azken erronka aurkeztu digu oraindik orain: Miguel Angulok landutako Pirinioetako Mapen bilduma Smartphonetarako hainbat aplikaziotan, 3D formatuko kartografia digitalarekin. Angulok Gorka Lópezen proposamenak eta landa-laneko laguntza jaso ditu lan honetarako. Miguel Angulo bera eta Javier Pascual SUA argitaletxearen zuzendaria izango ditugu gurekin, baita Faceau Sud enpresa frantsesa ere. Aplikazioen egileak kartografia elkarreragile iraultzaile eta harrigarri honen erakustaldi bat egingo du.
Larunbateko gaua Peter Habeler-entzat izango da. Hainbat lorpen gogoangarri ditu Habelerrek, horien artean Everesteko lehen igoera oxigeno artifizialik gabe, Reinhold Messnerrekin batera. Gaur egun, 75 urterekin, aktibo jarraitzen du. Juanjo San Sebastián-ekin batera bere ibilbide luzeari buruz arituko da.