Hauek dira Bilbao Mendi Film Festivaleko 11. edizioko Sail Ofizialeko Epaimahaikideak:
Aldo Audisio, Emi Ueyama, Jim Herrington, Suzan Beraza eta Juanjo San Sebastian.
Aldo Audisio, Italia
2018an erretiroa hartu du hainbat kargu eta langintzatik: Torinoko Museo della Montagnako Zuzendaria izan da 1978tik, IAMF-International Alliance for Mountain Film-eko sortzaile eta koordinatzaileetako bat 2000 urteaz geroztik, eta IMMA-International Mountain Museums Alliance-eko koordinatzaileetako bat 2015etik. Gaur egun Trento Film Festivaleko antolakuntza taldeko kide da.
Mendiko kulturaren dibulgazioa izan da haren ipar-orratza, hainbat eta hainbat ekintza sortu eta bultzatu ditu xede horrekin, berdin Museo della Montagnatik nahiz mundu osoan dituen kontaktuen bidez. 700 erakusketa baino gehiago antolatu ditu Italian eta mundu osoan, baita era guztietako ikuskizunak, ekitaldiak eta ikerketa proiektuak ere. Eta denbora izan du Museo della Montagna goitik behera bitan berritzeko. Mendiko zinemagintzarentzat hainbat modutan egin du lan: haren ikonografia esploratuz; Luis Trenker eta Bergfilm ikertuz; 4000 titulu baino gehiago dituen mendiko filmen lehen hiztegia landuz; Terre Magellaniche (A.M. De Agostini, 1933) filmaren zaharberritzean parte hartuz, zeina Europa, Iparramerika eta Hegoamerikako hogeita bederatzi agertoki desberdinetan aurkeztu izan den zuzeneko musikaz lagunduta.
Museo della Montagnaren Zine Historiako Liburutegiaren sortzailea da, eta era desberdinetan Europako telebista kate askorekin aritu izan da elkarlanean, eta baita Museomontagnaren ekoizpenetan ere. IAMF-International Alliance for Mountain Film-eko 24 jaialdietatik 21etan parte hartu izan du, eta 15etan Epaimahaiko kide izan da, maiz Presidente.
Emi Ueyama, Japonia
Japoniako finantza egunkari handiena den Nikkei-ko edizio laguntzailea izan zen hamar urtez Iparramerika eta Hegoamerikako egoitzan. Zinemagintza munduan 2000ko hamarkada hasieran murgildu zen, filma idazle eta elkarrizketatzaile bezala New Yorken, eta Torontoko (Kanada) Sinsedai Cinema Festival-eko programatzailea lanean ere bai.
Egun, eta sorterrira itzulita, Tokyo International Film Festivaleko aurre-hautaketa saileko programatzailea da 2014az geroztik. 2015ean ARTicle Films ekoiztetxea sortu zuen, Japoniako dokumental independenteak nazioartean sustatu eta saltzeko xedez.
Beste hainbat arrakasten artean, Tadasuke Kotani zuzendariaren The Legacy of Frida Kahlo koproduzitu du. Mundu mailan ezaguna den Miyako Ishiuchi argazkilariak Frida Khalo artistaren hainbat objektu pertsonal erretratatu zituen, 58 urtez inork ikusi gabeak, eta lan hori erakusten du filmak. Japonian 25 antzoki baino gehiagotan proiektatu da filma, eta mundu zabalean ere bai nazioarteko jaialdietan, Kanadako Hot Docs International Documentary Festival, Hego Koreako Jeonju International Film Festival edota Mexikoko Guadalajara International Film Festival kasu.
2015ean ARTicle Films-ek sari asko jasotako filma eta dokumental zenbait beregain hartu zituen mundu osoko zinemaldietan zabaltzeko eta saltzeko, hala nola: Kenji Yamahuchiren At The Terrace, Hirobumi Watanaberen Poolsideman, Yujiro Harumotoren Going the Distance, edota Shigeru Kobayashiren Dryads in a Snow Valley.
Ekoizle bezala, Emi Ueyamak 6 proiektu berri ditu eskuartean, tartean Yujiro Harumotoren hurrengo luzemetraia, A Balance, Tetsuichiro Tsutaren Black Cattle, eta Bastian Meiresonneren An Amazing Story: Masahiro’s Journey dokumentala.
Jim Herrington, Amerikar Estatu Batuak
Argazkilaria, hainbat pertsona ospetsu erretratatu dituena: Benny Goodman, Willie Nelson, The Rolling Stones, Cormac McCarthy, Morgan Freeman, Dolly Parton,… Haien argazkiak hiru hamarkadaz argitaratu izan dira Vanity Fair, Rolling Stone, Esquire, GQ, Outside edota The New York Times-en tankerakoetan, eta baita dozenaka album azaletan ere. Nazioarteko iragarki kanpainetarako ere lan asko egin izan du, haren bezeroen artean daude Thule, Trek Bikes, Gibson Guitars edota Wild Turkey Bourbon.
Ia hogei urtez, eta hamar herrialdetara bidaiatuz, Herringtonek mendi munduko alpinista handiak erretratatu zituen, XX. mende hasiera eta erdi partekoak, The Climbers sortzeko, zuri-beltzeko 60 argazkiz osatutako bilduma, mendi gailurretan zaildutako pertsonaia hauen barrenak erakusten dituena, tartean Kurt Diemberger, Royal Robbins, Reinhold Messner, Yvon Chouinard eta Riccardo Cassin. 1920 eta 1970 artean, muturreko baldintzetan doitutako gizon-emakume hauek tresna eta teknika primitiboak uztartu zituzten talentu, argitasun eta sendotasunarekin, mundu osoan eskalatu gabe zeuden gailurretara iristeko. Irudi hauetan, Herringtonek haien gizatasuna, obsesioa, adimena eta hauskortasuna jaso zituen.
Liburuak Kanadako Banff Film & Book Festivaleko Sari Nagusia eta Alpinismoaren Historia Saria irabazi zituen 2017an.
Herringtonek HBO/Cinemax-entzat Jerry Lee Lewisen atalaren ekoizpenean parte hartu zuen, 2017ko irailean estreinatu zen Mike Judge Presents: Tales from the Tour Bus.
Herringtonen argazkiak hainbat hiritako galerietako erakusketetan egon dira, New York, Los Angeles, Washington DC, Nashville, Milwaukee edota Charlotte kasu, eta bilduma pribatu askotan ere badaude.
Suzan Beraza, Amerikar Estatu Batuak
Kariben jaio eta bizitakoa da Suzan Beraza. PBS, National Public Television, Outside TV, Documentary Channel, edota Lincoln Center-ean proiektatu dira haren filmak, eta mundu osoko zinemaldietan 30 saritik gora jaso dituzte. Bere lehen filmak, Bag It, Britdoc Impact saria jaso zuen Berlinen, eta 30 herrialde baino gehiagotako telebistetan eman da. Bere azken proiektua, Uranium Drive-In, Sundance Institute-k babestu zuen, Zinema munduko Emakume Kazetarien Elkargoak-AWFJ bikaintasun dokumentala saria eman dio, eta Independent Lens-en boa dute. Uranium Drive-In American Film Showcase-eko parte da, Estatu Batuetako zinemagile independenteei beren lanak munduan barrena aurkezteko aukera ematen dien programa, eta horrela, Suzanek, Mongolia, Errusia eta Dominikar Errepublikara joateko aukera izan zuen besteak beste.
Egun, Massacre River filmaren produkzioan ari da buru-belarri, ITVS-rekin elkarlanean. Telluride-eko (AEB, Colorado) Mountainfilm jaialdiko zuzendaria da.
Juanjo San Sebastian, Espainia
Mendiko espedizioetan alturako espezialista eta kameralaria, eta dokumentalgilea. Espainiako goi mendiko gidarien lehenengo eskola-tailerren zuzendari teknikoa izan zen, eta 15 urte baino gehiagoz TVE-ko Al Filo de lo Imposible saioarekin kolaboratu zuen. Euskal Telebistan arrakastaz emititutako hainbat dokumentalen gidoilari eta zuzendari ere izan zen, hainbat lehiaketetan sariak lortutako lanak.
Munduko bigarren mendi garaienean, K2-an, bere bizitzako unerik latzenetakoak nozitu zituen: gailurretik bueltan ekaitzak harrapatu zituen, eta hainbat egunez soka-kidea salbatzen saiatu arren, hura eta baita bere eskuko ia hatz guztiak ere galdu zituen. Esperientzia hartan oinarrituta Chogori, la Gran Montaña dokumentala egin zen, mundu osoko mendi zinemaldietan sari ugari lortu zuena, eta baita Cita con la Cumbre eleberria ere, aditu zenbaiten arabera gaztelaniaz sekula idatzi den mendiko libururik onena.
Kutxabankeko Marketing sailean aritu izan da lanean luzaz. 20 urte baino gehiagoan hainbat proiektu sortu ditu, hala nola Pagasarri Martxa, jada 27 edizio bete dituena, noiz edo noiz 10.000 lagun bilduz; mendi jardunaldiak, batez ere Bilbon, baina baita Iruñan, Santanderren, Bartzelonan, Madrilen,… 20 edizio baino gehiago iraun zuten jardunaldi horien lekukoa hartu zuen Mendi Film Festivalek Bilbon; Bizkaian baso berritzeak, mendia eta naturari buruzko literatura lehiaketak, abentura bidaietako bekak,…
Gaur egun gertutik jarraitzen ditu mendiko espedizioak eta haien inguruko ikus-entzunezko mundua, eta hitzaldiak ematen ditu, bai mendi klubetan eta, baita instituzio eta enpresetan ere.