National Geographic Mendi Talk-aren protagonista


Rebecca Martin National Geographiceko Espedizio Batzordeko zuzendari exekutiboa da 1998. urteaz geroztik; hain zuzen, bera izan zen beken programa hori bultzatu zuena, 1888an sortu eta izen bereko aldizkaria argitaratzen duen AEBetako erakunde entzutetsuan. Aurrez argitalpenaren lantalde editorialean aritu zen lanean. Espedizioen programaren zuzendari izateaz gain, bera da elkarte geografikoak bultzatzen duen Tibeten Kontserbaziorako Funtsaren arduraduna, baita NGren ordezkaria ere mendiko zinemako nazioarteko bi jaialdi entzutetsutan: Banffeko (Kanada) eta Telurideko (Colorado, AEB) jaialdietan, hain zuzen.

Esploratzaile Gazteentzako Bekaren bidez, National Geographicen asmoa da 18 eta 25 urte bitarteko pertsonen artean abenturarako eta ikerketarako grina hauspotzea eta bultzatzea. Beka hori lehen aldiz aurkeztuko da Europan. Rebecca Martin “itzalpeko eminentzia” da askoren begietara, non eta mundu mailan hezkuntzan eta zientzian diharduen erakunde handienetako batean. Izan ere, NGk arlo asko eta asko ditu ikergai: arkeologia, natura zientziak, munduko kulturak, historia, ingurumenaren eta kultura ondarearen babesa...

Rebecca Martinen eskutik gauzatu dira National Geographicek azken urteotan diruz lagundutako esplorazio-egitasmo interesgarrienetako batzuk: adibidez, Michael Fayk 3.200km egin zituen oinez, 455 egunetan, Kongoren arroan, ibaiaren ingurumen baldintzak ikuskatzeko (Mega Transec proiektua); eta Ed Viesturs mendizale estatubatuarrak, berriz, munduko 14 gailur altuenak igo zituen oxigeno artifizialik erabili gabe.

National Geographic-i buruzko Mendi Talk.a BBK Salan egingo da abenduaren 13an 11:30etan.