Hautatu hizkuntza
2024, Frantzia, 35min
Zuzendaria: Davina Montaz-Rosset
Hillary Gerardi munduko trail lasterketa garrantzitsuenetan distira egiten duen atleta da. Duela urte batzuk istripu izugarri bat izan zuen, eta mendizale gisa zuen zilegitasuna zalantzan jarri zuen trail runningeko errekorrik entzutetsuena gainditzen saiatzeko: Mont Blanceko errekorra, Chamonixeko elizatik abiatu, gailurra jo, eta berriro herrira itzuli. Hillaryren balentriak, aldi berean, Heidi Sevestre glaziologoaren diskurtsoarekin bat egiten du glaziarren garrantziaz kontzientzia sortzeko.
2024, Frantzia, 42min
Zuzendaria: Maxime Moulin
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Nina Caprez, eskaladaren ikonoa, bere ibilbideko abenturarik zirraragarrienean murgilduko da, muturreko kiroletako argazkilaria den Jérémy Bernard bikotekidearekin, eta bien alaba Liarekin. Marokon bidaiatuko dute Andrea deituriko ibilgailuan. Proiektu oso pertsonala dute, eta bidean bertako kulturak eta hainbat eskalatzaile ezagutuko dituzte. Hala ere, bidaiak, eta bizitzaren ustekabeko jira-bueltek, haien poztasunak, kezkak eta nortasun printza sakonak agerian utziko dituzte. Asfalto gabeko errepidea, ongi etorri bidaia honetara.
2023, EEBB, 86min
Zuzendaria: Kenji Tsukamoto
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Ashima Shiraishi Hegoafrikara joango da jomuga jakin batekin: munduko bloke zailenetako bat eskalatzen saiatu nahi du, eta hori lortzen duen pertsona gazteena izan. Bere aita eta entrenatzailea du bidaide, Poppo; abangoardiako dantzari ohia da, eta alabaren prestakuntzari ikuspegi eszentriko eta diziplinatua ematen dio. Eskaladari, familiari eta amerikar ametsari buruzko istorio intimoa da hau.
2024, EEBB, 12min
Zuzendaria: Luke Kaneb
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Francesca Clapcich itsas-zabaleko regatista profesionala da. Bitan parte hartu du Olinpiar Jokoetan, America’s Cup-ean ere aritu da, eta The Ocean Race irabazi duen lehen italiarra da, taldeka munduari itzulia ematen dion lehiaketa ospetsua, alegia. Bokazioz da nabigatzailea. Naturan aske sentitzen da, han asetzen ditu ezezagunean barneratzeko jakin-min gosea eta abentura egarria, eta askatasun horrek bere ahots eta ikuspegi berezia aldarrikatzeko ahalduntzen du.
2024, Frantzia, 83min
Zuzendaria: Emile Dominé
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Nouria Newman kayak izar frantsesa, eta haren haurtzaroko bi lagun, Jules Domine eta Maël Nguyen, Pakistango Indo ibaian dagoen Rondu arroila nabigatzen saiatuko dira, munduko ur laster zailenetakoei aurre eginez. Muturreko kayakaren munduari begirada indartsu eta inspiratzailea da hau, agertoki paregabean kokatua: Karakorum mendilerroan.
2024, Belgika, EEBB, 22min
Zuzendaria: Vincent Groos
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Fré Leys da dokumental honen protagonista, Salt Lake Cityn (AEB) 2023ko Munduko Txapelketan garaipena lortu nahi duen eskalatzaile paralinpiko belgikar bat.
2023, Italia, 7min
Zuzendaria: Marcial Sommer
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Cima Grande eta Cima Piccola arteko lehen highline-aren atzean dagoen istorioa da hau. 121 metro ditu luzeran eta Dolomitetako Tre Cime di Lavaredoko hiru dorre ikonikoetatik bi lotzen ditu. 2023ko ekainean instalatu zuten soka. Hori lortzeko, 15 luze eskalatu behar izan zituzten 300 metroko horman, tresna guztiak garraiatzeko, eguraldi baldintza ezegonkorrei aurre egin behar izan zieten, eta babes gutxiko bibak batean lo egin. Erronka zaila izan arren, taldeak arrakastaz instalatu eta osatu zuen highline eder hau.
2024, Austria, 11min
Zuzendaria: Carlos Blanchard
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Lehiaketen mundutik eta planifikatutako entrenamenduetatik aldenduz, bi snowboard-atleta profesionalek, Chris Vos eta Lisa Bunschoten-ek, erronka berri bati ekingo diote: goi-mendiko beren lehen txangoa snowboardekin. Bi protagonistek hanka protesikoak dituzte, horregatik da berezia bidaia hau. Naturako erronkak ez ezik, beren mugak ere gaindituko dituzte, eta abenturaren mugak berrezarri.
2023, Espainia, 9min
Zuzendaria: Amaia Lejarreta
Amaia Lejarreta artista plastikoak bodypainting-a eta Janire Etxaberen dantza bertikala uztartzen ditu Jon Mendizabalen kameraren eta edizioaren begiradapean. Proiektu honen bidez, Amaiak hainbat kontzeptu islatzen ditu: lurraldea, espazioa/denbora, memoria, identitatea eta gorputzaren bizitza-zikloak. Bizkaiko bazterrak oso presente daude, baita euskal mitologiaren oihartzunak ere, orobat, horiek baitira Amaiaren inspirazio iturri eta isla.
2024, Italia, 28min
Zuzendaria: Andrea Bandinelli, Diego Borello and Niccolò Conterno
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Helduleku oso txikiak dituen eskalada-bide perfektua kanporantz 40 gradu makurtutako horman, hori da Excalibur. Stefano Ghisolfi eskalatzaileak bere egin zuen Trentinoko etxetik oso gertu daukan bide ikaragarri hau eskalatzeko erronka, eta ahalegin horretan lagun izan zituen munduko eskalatzaile onenetako batzuk. Proiektuan murgilduta bi urte pasa ondoren, azkenik bidearen lehen igoera lortu zuen. Italiako eskalada-biderik zailena eta munduko gogorrenetakoa da Excalibur 9b+.
2023, Espainia, 10min
Zuzendaria: Carlos Navarro
Oharkabean, berea ez den urtaro batean esnatuko da Neguaren Espiritua. Ezaguna ez zaion horretan edertasuna aurkitzen ikasi beharko du, bere aurreiritziak alde batera utzi eta ziklo aldaketak onartuz. Udazkenaren Espirituaren berotasuna jasoko du, Omako basoan eta Iratiko oihanean inspiratutako paisaietan.
2023, Espainia, 78min
Zuzendaria: Marta Gómez y Paula Iglesias
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Pakistango Karakorum mendilerroaren bihotzean, Aniqa Bano gorra zen alaba batez erditu zen: entzumenik gabe jaio zen Narjis. Neska horienganako arbuioa eta estigma handia da han, lotsak eraginda familiek ezkutatu eta baztertu egiten baitituzte, Aniqak, ordea, alaba jaio arte ez zuen errealitate gordin horren berririk. Hamasei urte geroago, Narjisek amaren egunerokoak irakurri, eta gainditu behar izan dituen oztopoen berri izango du. Baltistan eskualdean barrena lagunduko gaituzte ama-alabek: gorrentzako eskola eta etxea eraiki ditu han Aniqak. Narjisek amaren bizitza aldatu zuen eta Aniqak alabaren patua.
2024, Espainia, 16min
Zuzendaria: Iker Larrañaga
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
2025 Glaziarrak Babesteko Nazioarteko Urtea izango da. Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoaren eskutik Pirinioetako lau glaziar bisitatu eta aztertuko ditugu: Aneto, Infiernos, Perdido eta Vignemale. Pirinioetako paisaia eta bazter ederretako batzuk bisitatzeaz gain, produkzio birtuala eta errealitate areagotua baliatuz, denboran atzera eta aurrera egiteko modua izango dugu. Saio honetan Anetoko glaziarrera igoko gara eguraldiko aurkezlea den Arnaitz Fernandezekin. Eñautekin batera, aldaketa klimatikoak glaziarretan eragin dituen hondamenak aztertuko dituzte, batek fisikari ikuspegitik eta besteak glaziologoarenetik eta mendizaletasunetik.
2024, Frantzia, 52min
Zuzendaria: Bertrand Delapierre y Vincent Perazio
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Catherine Destivellek gogoko du altueran jolastea, eskalatzen duenean bizirik sentitzen baita. Mendizale guztiak mugiarazten dituen espiritu eta zaletasun bera da. Eta gauzak zer diren: izatez, mendi garaietatik urrun piztu zen sentimendu hori, mendizaletasunaren sorburua Britainia Handian dago, eta oraindik ere han ari da garatzen. Catherine Destivellek hara jo eta alpinismoaren jatorria aztertuko du.
2024, Espainia, 13min
Zuzendaria: Janire Etxabe
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Haize Lerroak, Janire Etxabek, 4 urteetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerroak dokumentatzen ditu. “Amets batek, sentimendu batek aldatu daike paisaia? Dantza bertikala probatu neban momentutik argi izan neban bide honetan jarraitu gura nebala. Geure etxean, mendietan, hegaz, zintzilik. Definitzen ez dan sentimenduaren bilaketa etengabean”.
2024, Espainia, 54min
Zuzendaria: Ander Salsamendi Arbizu eta Aitor Intxaurraga
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Hiru Handiak, Euskal Herrian egiten den lasterketa da, lehena, handia, mitikoa, entzutetsua... geurea. Gaur egun gure mendietan korrika dabiltzan milaka mendizale ernarazi dituen hazia aspaldi erein zen eta indartsu ernamuindu. Izpiritu askeak, ameslariak, naturarekin bat egiten dutenak.
2023, Espainia, 42min
Zuzendaria: Nick Danielsen
Kilian Jorneten Pirinioetako barne-bidaia, muturreko erronka bati aurre eginez: 3.000 metrotik gorako gailur nagusi guztiak kateatzea, 8 egunetan. Hain kuttunak dituen Pirinioetara itzuliko da, erronka fisiko zein psikiko horren bidez bere burua neurtzeko. Bidean, glaziarren atzerakadaz jabetuko da, egunsenti eta ilunabar gogoangarriak bizituko ditu, eta bere haurtzaroko mendietan murgilduko da berriro.
2023, EEBB, Kanada, 18min
Zuzendaria: Darcy Hennessey
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Jamie Logan 70eko hamarkadako mendizale puntakoenetako bat izan zen, lehen igoera ugari egin zituen Ipar Amerikako hainbat bide gogorretan. Baina bazuen mendiko erronkek eta arriskuek baino izu-ikara handiagoa sortzen zion sekretu bat, 60 urte luzez isilik mantendu zuena: Jamie Logan alpinista eta arkitekto arrakastatsu, gogor eta kementsuak, emakume izan nahi zuen. 69 urterekin hasi zuen eraldaketa, eta orain, 76 urterekin, mezu hau helarazi nahi die bera bezalako beste trans pertsonei: bizitza ederra izan daitekeela, norbere buruarekin errespetuz jokatuz, zintzo izanez eta munduarekin konektatuago egonda.
2024, Italia, 27min
Zuzendaria: Marco Zingaretti
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Adinekoen kopurua handitzen eta aurreratzen ari da aurrekaririk gabe. Gaur egun oso aktibo daude, haien aurrekoak baino gehiago. Behin erretiratuta ere, lan sozial handia egiten dute. Erri De Luca idazle, kazetari eta poeta italiarrak, esaterako, eskalatu egiten du bere burua zaintzeko, eta nola egiten duen azaltzen du. «Inor ez da zaharra izan nire aurretik», dio, gidatuko duen aurreko beste eredurik ez duela konturatuta.
2023, Suitza, 28min
Zuzendaria: Director: Basil Schneeberger. Segundo director: Nolan Büchi
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Marc Rochatek munduko slalom eskiatzaile onenen artean lehiatu ahal izateko erronka handiak gainditu behar izan zituen, eta haiei aurre egiteko kemena eta ausardia izan zituen, gaztetan bere bizitza hartara destinatua zegoenik pentsatzea zail bazen ere. Erresilientzia mentalak eta, batez ere, amore ez emateko gaitasuna garatzeak eraman zuen arrakastara.
2023, Frantzia, 48min
Zuzendaria: Bertrand Delapierre and Severine Gauci
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Mont Blanc Chamonixeko erregea bada, Aiguille Verte da erregina. Whymper alpinista ingelesak igo zuen lehen aldiz 1866an. Handik bi urtera, Sylvain Saudan suitzarrak Whymper korridorea eskietan jaisteko balentria lortu zuen. Muturreko eskiatzaileen hainbat belaunaldi inspiratu zituen balentria hark, Patrick Vallençant, Marco Siffredi, Jean-Marc Boivin, Bruno Gouvy, Eric Bellin edota Pierre Tardivel-en modukoak. Film honek La Verteko muturreko eskiaren 50 urteko historiari erreparatzen dio Vivian Bruchezen eskutik.
2023, Espainia, 45min
Zuzendaria: Adrián Martínez Serrano
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Marc Subirana eta Miquel Mas eskalatzaile kataluniarrek, Karakorumeko Latok II mendiguneko orratz bat eskalatu dute, Latok Thumb (6.380 m), eta zabaldutako bideari Atracció Instintiva izena jarri diote. Hiru urteko proiektua izan da, mendiaz era lasai eta naturalean gozatzea, estilo alpinoa eta helburu teknikoak maite dituzten bi lagunen egitasmo ederra.
2024, Frantzia, 41min
Zuzendaria: Andy Collet
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Charles Dubouloz eta Symon Welfringer frantsesek ibilbide berri bat marraztu zuten Hungchhi mendiaren (Himalaia, 7.029 m) mendebaldeko aurpegian, 1.700 metroko desnibela gaindituz estilo alpinoan: Le cavalier sans tête. Lorpen inprobisatu eta bikaina izan zen, jatorrizko Gyachung Kang-eko (7.952 m) asmoa ordezkatu zuena. Bi urte aurrerago, zortzimilakoen masifikazioaren ondorioak ezagutu zituzten Manaslun. Desilusioaren ostean, zortzimilakoetatik haragoko helburuak bilatu zituzten bi mendizaleek.
2024, Frantzia, 82min
Zuzendaria: Yohan Guignard
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Savoiako lau lagun ideia zoro baten aurrean: 50 egun, autonomia osoan, Denali mendigunean, Alaskan. Bitakora koaderno baten erritmora kontatutako bidaia da hau. Adiskidetasuna indartu egingo da eta, eltzea sutan bezala, konpromisoaren galgan proban jarri. Denbora igarotzen den heinean, ordea, espirituak urruntzen joango dira.
2024, Italia, 76min
Zuzendaria: Matteo Maggi, Cristiana Pecci
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Matteo della Bordella, Maurizio Giordani, Massimo Faletti eta Iris Bielli dira abentura honen protagonistak: zaildutako hiru alpinista ospetsu lehen hiruak, eta ikasten ari den eskalatzaile gaztea laugarrena. Marmoladaren hegoaldeko aurpegian, Regina della Dolomiti mitikoan, bide berria zabaldu nahi dute. Eztabaida bizia dago mendigune honen inguruan, 2022ko uztailean han gertatutako istripuen eta heriotzen ondotik. Ertz erezigarriak ditu istorio honek: pasioa, esplorazioa eta ingurumen kontzientzia.
2024, Espainia, 15min
Zuzendaria: Iciar Casatmitjana, Garazi Sanchez
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Garazi Sánchez surflari profesionala, Mexikoko hondartza isolatu batera itzuli da, duela 15 urte bere bake aterpea izan zen tokira. Itzultzean, teknologiak paisaia inbaditu duela jabetuko da, eta behiala han aurkitutako lasaitasuna apurtu duela. Lasaitasun hori berreskuratzeko, Garazik 15 egun "hegazkin moduan" pasatzea erabakiko du, bere gailu elektroniko guztiak itzalita eta oraina bizituz, present egonez, eta hala, benetako konexioa aurkituz.
2024, Espainia, 23min
Zuzendaria: Julio A. Valero
Nepalen haur askok hezkuntzara iristea zail izaten dute, maiz ikasketak utzi behar izaten dituzte edo haiek hasteko aukerarik ere ez dute izaten. Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen ondareari jarraituz, SOS Himalaya erakundeak errealitate hori hobetu dadin lan egiten du, hezkuntza pobrezia gainditzeko oinarrizko tresna dela geroz eta onartuago daukan herrialde batean. Elkartasunak eta lan kolektiboak bizitza eraldatu dezaketela erakusten du Fundazioaren lanak.
2024, Espainia, 7min
Zuzendaria: Dani Castillo
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
SPOKEN WORDS
“Noie”, esan zion Ainhize Belarrek aitari, oinak lurretik altxatu eta behin betiko ekinaldia jo aurretik haren proiektu handiari: Iñi Ameriketan, 9a+. Noie Pentsamendu eta ziurgabetasunaren baitan egindako bidaia bat da, agian ondo aterako ez den zerbaiti aurre egin behar dion pertsona baten buruan agertzen dena. Hitza da soka, irudirik gabe. Ainhizeren burutazioek eta Baltzolako haitzuloko oihartzunek, esfortzuaren soinuek eta bizkortutako pultsuak, bat egiten dute testuinguru horretan. 2024ko irailaren 7an, 18 urteko Ainhize Belar eskalatzaileak Iñi Ameriketan igo zuen. Bide horren laugarren errepikapena izan zen, emakume batek eginiko lehena, eta 9a+ eskalatzen duen estatuko lehen emakumea bihurtuz, historia egin du Ainhizek.
2024, Erresuma Batua, 50min
Zuzendaria: Alastair Lee
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Alex Waterhouse eta Billy Ridal lehiaketetatik erretiratu berri diren bi eskalatzaile dira, eta rokodromoan eskalatzeko duten trebetasuna harkaitzera eraman nahi dute. Eskalada tradizionalean oso eskarmentu txikia dute eta luzetako bide bakarra eskalatu dute bien artean. Halere, erronka harrigarri bat bururatu zaie: mundu osoan ezaguna den The Nose bidea, Yosemiteko El Capitan horman, era askean eskalatzen duten lehen britainiarrak izan nahi dute. Lynn Hill, Hans Florine eta Leo Houlding-en ekarpenak biltzen ditu filmak.
2023, Frantzia, 67min
Zuzendaria: Hugo Clouzeau
Hélias Millerioux, Frédéric Degoulet eta Benjamin Guigonnet alpinistek Nuptseren hego aurpegi mitikoan ibilbide berri bat ireki nahi dute. Muturreko erronka da, itzela, Himalaiaren bihotzean ia 8.000 metroraino goratzen den horma batean. Gailurrera iristeko desioan harrapatuta dauden hiru mendizale frantsesen obsesioa.
2024, Frantzia, 44min
Zuzendaria: Jérome Tanon
De Le Rue freerider familia ospetsuak Antartikara eginiko bidaia: Xavier, 7 aldiz munduko txapelduna; Victor anaia txikia, 3 aldiz munduko txapelduna; eta Mila alaba, 18 urte bete eta lehen espedizioari ekitekotan dena. Xabier eta Victorrentzat, lehen jaitsiera sorta mugagabea duen jolas-parke erraldoia da leku hura; Milarentzat, berriz, mendi handietan freeride egiteko duen lehen aukera beldurgarria da. Esplorazioa, abentura eta belaunaldi aldaketa Antartikako agertoki ikusgarrian.
2024, Chile, Argentina, 59min
Zuzendaria: Pierre Cadot
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Matthew Tufts argazkilari eta kazetaria maiteminduta dauka El Chaltén hiriak. Argentinako Patagoniako Fitz Roy mendigunearen magalean dagoen leku enblematikoa da El Chalten. Udazkenean paraje hauetako eskiaren bilakaera dokumentatzen jardun ohi da. Eguraldi-baldintzengatik eta topografiagatik, han eskiatzea bereziki gogorra da, eta askotan muturrekoa. Hasi berri den denboraldian, Aurel Lardy, Vivian Bruchez eta Jules Socié frantziar eskiatzaileek osatutako taldea Fitz Royko granitozko hormetan eski lerro berriak irekitzeko asmoarekin heldu da. Aukera paregabea da Matthewrentzat muturreko aldapetako eskia, edo horma handietako eskia, erakusten duten argazkiak egiteko.
2024, Espainia, 48min
Zuzendaria: Daniel Cascales Granados
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Nerbioiko ur-jauzia, 200 metro baino gehiagoko altuera duena, Iberiar penintsulako handiena da. Arroila izugarri bat, Nerbioi ibaiaren sorburutik urrats batera. Oso motibatuta dagoen highliner talde batek baimen baliotsu bat lortu du arroila alde batetik bestera lerro batekin lotzeko. 50 eta 300 metro arteko zintetan ibiltzera ohituta, lehen aldia dute ia kilometro bateko luzeran. Lagun giroa eta lan gogorra islatzen dituen istorio bat. Eta talde sendoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko highline komunitateko kidez osatua.
2023, EEBB, 31min
Zuzendaria: Dominic Gill, Nadia Gill
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
John Francis, Planetwalker ezizenez ezaguna da. 1971ean, San Frantzisko badian petrolio-ontzi baten talka ikusi zuen, eta haren ondorioz koipez estalitako txoriak ikusteak eragin handia izan zuen beregan. Motordun garraioa alde batera utzi zuen, eta batera eta bestera oinez mugitzeko erabakia hartu zuen. Hilabete geroago, isiltasun zin bat egin zuen, suari erregaia jarri beharrean, entzuten jakitea konponbide hobea zela sinetsita. Ez zuen hitz egin, baina Estatu Batuetan zehar oinez jarraitu zuen. Gaur, 77 urterekin, Johnek hitz egiten du eta autoz bidaiatzen du, baina 20 urteko erromesaldian harekin harremana izan zuten pertsonaietako batzuekin harremanetan jarriz, haiengan utzitako arrasto sakonaren berri jasoko dugu.
2023, EEBB, 8min
Zuzendaria: Jim Aikman
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Jorge eta Joanne Uriostek testuinguru nahiko berezi batean ezagutu zuten elkar. Maitemindu, ezkondu, eta Las Vegasera joan ziren, Nevadara. Inguru hura Ipar Amerikako eskaladaren meka bihurtu baino lehenagoko garaiak ziren, 1970eko hamarkadan, gainerako eskalatzaileek Yosemite harana zuten jomuga. Aldiz, Jorgek eta Joannek, Red Rock Canyon-eko hareharri paregabe eta bakartian, aurrez ezarritako eskalada araurik gabe eta kirol ikuspegi berritzaile batekin beren bidea jorratu zuten. Sortu zituzten eskalada bideak Red Rockeko klasikoenak dira gaur egun, eta mundu osoko eskalatzaileak erakartzen dituzte.
2023, Eslovenia, 5min
Zuzendaria: Rožle Bregar, Rok Rozman
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Kayakista talde batek arraunak alde batera utzi eta kanaberak hartuko ditu, eta amua leku egokira botatzeko ahalegina egingo du. Esloveniako Soča ibaiko ur esmeralden azpian amuarrain endemiko bat ezkutatzen da. Aitzakia perfektua da ibai ertzeko esperientzia xume baina gogoangarria bizitzeko.
2023, EEBB, 19min
Zuzendaria: Dean Leslie
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Ozeanoaren gainazalean nahiz 3.000 metroko mendi baten gailurrean, ozeanoak besarkatu egiten ditu gure bizitzak, eta guztiok lotzen gaitu zetazko hari urdin fin bailitzan. Goi-mailako kirolariek beren joko-eremuekin duten harremana aztertzen du filmak: Zandile Ndhlovu nazioartean entzute handiko apnea aditua, Jess Hotter free-eski munduko txapelduna, eta 11th Hour Racing Team, itsas-bela talde txapelduna, horiek dira protagonista.
2023, Norvegia, 91min
Zuzendaria: Margreth Olin
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Songs of Earth Lurreko indargune nagusiei buruzko konposizio bat da. Kamerak naturaren osagai txikienetatik abiatu eta panoramika basatienetara eramango du ikuslea. Zinemagilearen aita gidari dugula, Norvegiako haran koloretsu eta ederrenean barrena bidaiatuko dugu. Han jaio eta hazi zen aita, belaunaldi asko naturarekin harmonian bizi izan diren tokian.
2023, Kanada, 14min
Zuzendaria: Timmy O'Neill
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Erik Weihenmayer abenturazalea guztiz itsua da, eta Estatu Batuetako Sierra Nevadan (Kalifornia) The Incredible Hulk harkaitz erraldoia eskalatuko du. Timmy O'Neill eskalada egokituko gidari aitzindariak lagunduko dio. Oihartzuna nondik datorren lokalizatuta egiten du aurrera Weinehnmayer-ek, segurtasun handiz: objektuak ukitzean sortutako soinuen bibrazioari eta erreboteari esker inguruan duen guztiaren pertzepzioa lor dezake.
2023, Frantzia, 55min
Zuzendaria: Morgan Le Faucheur
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Arthur Guérin-Boëri frantziarra apnea dinamikoan munduko txapelduna izan da hainbatetan. Finlandiako laku bateko ur izoztuetan murgilduko da 2 mm-ko neoprenoa jantzita, munduko errekor berri bat ezartzeko. Halaber, bere helburu nagusian urrats bat baino ez da hori: Kanadako laku bateko ur izoztuetan neoprenorik gabe murgiltzeko prestatzen ari da. Bilaketa prozesu horretan hainbat alditan hilzorian egon ostean, Arthurrek, azkenean, bere burua aurkituko du.
2020, EEBB, 37min
Zuzendaria: Taylor Rees, Renan Ozturk, Jay Macmillan
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Everesteko gailurra lehen aldiz nork igo ote zuen argitzeko misterioa argitu nahian, mendizale talde bat Andrew Sandy Irvine eskalatzailearen gorpuaren bila ari da, 1924ko espedizioan George Malloryren soka-lagun zenarena.
2024, Italia, 15min
Zuzendaria: Francesco Clerici, Tommaso Barbaro
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Himalaiako mendilerroan, Zanskar haran urrun eta idorrean, bertako biztanleak beti egon dira laborantzarako eta bizitzarako beharrezkoa den ur kantitatea ematen zuten glaziarren menpe. Udaberriko urtzearekin lortu ohi zuten ura, baina, baliabide hori urritzen ari da klima-aldaketaren eraginez. Horren aurkako borroka desorekatuan, ladakhitarrak glaziar artifizialak eraikitzen ari dira udaberriko ur eskasiari aurre egiteko eta lurpeko ur-biltegiak betetzen laguntzeko.
2024, Polonia, Suitza, 85min
Zuzendaria: Eliza Kubarska
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Wanda Rutkiewiczen benetako istorioa, hark berak kontatua. Lurreko gailurrik garaienak igo zituen lehen emakumea izan zen, eta lehen poloniarra. Gizasemeen erreinu zen hartan sartu zen, mendi garaien giro gogorrean, eta garesti ordaindu behar izan zuen azkenean. Duela 30 urte desagertu zen. Haren gorpua ez zen inoiz aurkitu, monastegi budista batera erretiratu ote zen ere zabaldu zen. Wandak ahotsez grabatu zuen egunerokoan oinarrituta, filmak haren ibilbidea eta misterio hura aztertzen ditu. Reinhold Messner, Krzysztof Wielicki eta Carlos Carsolio mendizale entzutetsuen testigantzak ere biltzen ditu, baita hurbileko zituen bi emakumeenak ere: Janina Fies ahizpa eta Marion Feik managerra.
2024, EEBB, 24min
Zuzendaria: Maja Karlsson Mikkelsen
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Hiru orduro. Gau eta egun, astean zazpi egunez, urteko egun guztietan. Karinek eta Lennartek 40 urte baino gehiago daramatzate maiteminduta. Elkartu zirenean, eskuz funtzionatzen zuten 200 estazio meteorologiko baino gehiago zeuden Suedian eta milaka mundu osoan. Hiru orduz behin eguraldi-baldintzak erregistratzen zituzten eguraldi-behatzaileek kudeatzen zituzten estazio horiek. Azken hamarkadan, estazio automatizatuak banan-banan ordezkatzen ari dira behatzaileak. Karin eta Lennart dira geratzen diren azkenak. Baina haien benetako pasioa, eta hasiera batean Suediako Falsterbo itsasargiko geltokira eraman zituena, hegaztiak behatzeko zuten maitasuna izan zen.
2024, Espainia, 8min
Zuzendaria: Iñigo Grasset
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Mentawai uharteen bihotzean (Indonesia), mendetan zehar naturarekin harmonian bizi izan den antzinako kultura bat bizi da. Natxo Gonzalez tarteko dela, film labur honek surfetik haratago, uharteen edertasun naturala ez ezik, bertako herrien arima ere zaintzearen garrantzia nabarmendu nahi du. Haien existentzia planetaren ongizateari guztiz lotuta dago.
2024, Italia, Suitza, 10min
Zuzendaria: Marco Tribelhorn
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Drama psikologiko ironiko bat Dolomitetan. Gauza benetan misteriotsuak gertatzen ari zaizkie Weger anaiei, Matthias eta Jakobi. Haien aurpegiak tomate bat bezain gorri daude. Haserre, eztabaida eta eraso giroa nagusitzen ari da. "Aurpegi gorrien sindrome" hilgarria jasaten ari direla deskubrituko dute, izututa. Sendatzeko modu bakarra eski eta snowboardetan Dolomitetako amildegi aldapatsu eta estuenetan sartzea da. Lortuko ote dute beren aurpegi gorrien eraginetik libratzea?
2024, Frantzia, 70min
Zuzendaria: Louis Hanquet
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Frantziako Alpeetan, denetik urrun, Felixek bere artaldea zaintzen du, hilabeteak pasatzen ditu mundu mineral eta bakartu batean, eta haren inguruan, zelatari, izaki ikusezin bat bizi da: otsoa. Bakardadeak estalitako egunak eta egunak mendian; ardien zaintzaz, itxiturez eta poesiaz betetako egunak.
2024, Espainia, 29min
Zuzendaria: Alfonso García
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Eskalatzaileen %1ek baino ez du bide berriak ekipatzen jarduten. Askorentzat mundu ezezaguna den horretara gerturatuko gara, bizitza osoa ekipatzen daramaten Euskal Herriko lau eskalatzaile bidelagun direla: Aritz Aparicio, Guillermo Bañales, Iñaki Marco eta Juan Manuel Hernández. Haien bizimoduetan badira antzekotasun handiak dituzten hainbat kontu, gainontzeko guztiok ere batzen gaituen lokarri bera dutenak: pasioa.
2024, Espainia, 37min
Zuzendaria: Mikel Lizarralde Asurmendi
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi garaienak lotuko ditu Mikel Lizarraldek, eta, bidean, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa jaso eta bizitzea zer den kontatuko du. Bizitza normal bat izan nahi duen optimista burugogor baten erronka eta 300 kilometro pasatxoko bidaia 11 etapatan.